Gipuzkoako Foru Aldundiak prest dauka 2025eko egutegia, eta lehen aldiz, lurraldeko udalerri guztietara iritsiko da foru egutegiaren banaketa, baita Urola Kostako 11 udalerrietara ere.
Gipuzkoa 1.000 urte leloarekin osatu du erakundeak datorren urterako egutegia eta lelo berarekin deitu zuen egutegia osatzeko argazki lehiaketa ere, "Gipuzkoaren lehen aipamen dokumentalari omenaldia" eginez eta "gipuzkoarrei lurraldearen iraganari, orainari eta etorkizunari buruz duten ikuspegia islatzera gonbidatuz".
Egutegiaren 40.000 ale inprimatu ditu aldundiak eta horiek "udalerri bakoitzeko biztanleriaren arabera" banatzea da erakundearen asmoa. "Gainera, egutegia Gipuzkoako foru eraikinetan eta egoitzetan egongo da eskuragarri. Bederatzi egunez, bi furgonetak lurraldea zeharkatuko dute, banaketa bermatzeko", azaldu du.
Asteburu honetan iritsiko da aipatu furgoneta Urola Kostako herrietara. Udalerri bakoitzean egutegiak noiz eta non banatuko dituen zehaztua du aldundiak, eta hau da Urola Kostako herriei dagokien egutegia:
Abenduak 13, ostirala
- Aizarnazabal: 18:30-19:30, herriko plazan.
- Getaria: 15:30-16:30, udaletxe parean.
- Orio: 10:00-11:00, herriko plazan.
- Zarautz: 11:30-13:30, Lege Zaharren Enparantzan.
- Zumaia: 17:00-18:00, Amaia plazan.
Abenduak 14, zapatua
- Aia: 10:00-11:00, Gozategi plazan.
- Azkoitia: 18:00-19:00, herriko plazan.
- Azpeitia: 16:00-17:30, herriko plazan.
- Errezil: 13:00-14:00, San Martin elizaren ondoan.
- Zestoa: 11:30-12:30, herriko plazan.
Abenduak 15, igandea
- Beizama: 10:00-11:00, herriko plazan.