Aurreko asteburuan Zarauzko finalaurrekoan lehian aritu ondoren, Eneritz Artetxek eta Aner Peritzek atzo jakin zuten Gipuzkoako Bertsolari txapelketaren finalean ariko direla datorren abenduaren 14an.
"Oraindik sinetsi ezinda nago, baina iritsiko naiz gustura egotera", zioen Artetxek atzo, finalean izango dela jakin berritan. Peritzek, berriz, erdi gaixorik, lorpena "asimilatzen" baina "oso pozik" ekin dio asteari. Bereagatik pozik, baina atzo Arrasaten aritu zen Maider Arregigatik penaz ere badago Zarauzkoa: 511 puntu batu zituen Arregik, Peritzek baino bat gutxiago; Arrasateko saioan hirugarren sailkatu zen, eta bederatzigarren guztira, finalik gabe gelditu direnen zerrendaburu, alegia. "Oso ondo egin zuen eta pena ematen dit, horrela, puntu batengatik, hura kanpoan gelditzea. Lagunak gara, eta mugan, bata edo bestea, ibili behar hori, hain bertsolari ona izanda bera ere...".
Finalean izango zen ala ez erabakitzeko zain, joan den astea "luze" egin zitzaion Artetxeri: "Uste dut bizitzan lehen aldiz sentitu dudala igande iluntzea iristeko gogoa". Peritzek, aldiz, "oso aste mugitua" izan zuen joandakoa, eta finalerako sailkapenaz gehiegi pentsatzeko "astirik ez" zuela hartu aitortu du. Atzo, bai azkoitiarra, bai zarauztarra, Arrasaten izan ziren, bientzako amaiera gozoa izan zuen saioa jarraitzen.
Gipuzkoa Bertsotan sailkatze fasetik abiatuta iritsi dira finalera Artetxe zein Peritz. Hasiera hartan halakorik burutik pasatu ere egin ez arren, finalean da azkoitiarra. Izan ere, bederatzi urtez bertso plazak "erdi baztertuta" izan ondoren iritsi zaio final handi batean aritzeko lehen aukera. Hori kontuan hartuta, "batez ere egindako bidearen poza sentitzen" du Artetxek; "azken urtebetean gozatu ederra hartu" duela azaldu du. Zarauztarrak, bere aldetik, bere burua finalean irudikatzeko lanak ditu momentuz. Badaki "saio handi-handi bat izango dela", baina "dimentsioak imajinatzen ere ez" da hasi oraindik: "Bi aste dauzkat kokatzeko, neure burua hor ikusteko eta finala zer izan daitekeen imajinatzen saiatzeko. Oraingoz, pozik eta urduri jartzeko tarterik gabe nago".
2024ko Gipuzkoako finalak hiru ahots berri izango ditu: Artetxerena, Peritzena eta Rekondorena. Ahots berri horien presentziak aldaketa bat irudikatzen al duen galdetuta, ikuspegi ezberdinak dituzte eskualdeko bi finalistek. "Aurtengo finalean bagenekien bai edo bai aurpegi berriak egongo zirela, baina txapelketako saioak egun batean jokatzen dira eta gu gauden lekuan beste asko egon zitezkeen, izan aurpegi berriak edo ez hain berriak. Noski, plazan eman den aldaketa nabaritu da txapelketan ere", Artetxeren ustez. "Aldaketa batzuen erakusgarri bada, baina ez dut uste dena aldatu denik edo horrek dena aldatzen duenik ere. Hiru aulki bakarrik berrituko dira, bestela ere zortzi bakarrik kabitzen dira, eta uste dut kanpoan gelditu den jende askok ere gauza oso onak egin dituela", dio Peritzek.