Gaur jokatu dute sei bertsolarik Arrasaten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa, eta saioa bukatuta, erabakita gelditu da finalean ariko den zortzikoa. Finalean aurpegi berri hainbat izango dira; horien artean, Eneritz Artetxe azkoitiarra eta Aner Peritz zarauztarra. Biak ala biak lehen aldiz ariko dira Gipuzkoako finalean.
Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin eta Oihana Iguaran izan dira hiru finalerdietako irabazleak, eta beraz, horiek zuzenean lortu dute finalerako txartela. Haien ostean, puntuazioz, honako bertsolari hauek lortu dute Ilunbeko finalean eserlekua: Ane Labaka, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo eta Aner Peritz. Abenduaren 14an, larunbatez, izango da finala, Donostiako Ilunben (17:00). Sarrerak honako lotura honetan daude salgai.
Zarautzen joan zen igandean kantatu zuten Artetxek eta Peritzek, bigarren finalerdian, eta lortu zuten puntuazioarekin bazituzten finalera sailkatzeko aukerak. Gaurko saioan epaileek banatu dituzten puntuekin lortu dute, baina, finalerako txartela. Artetxek 519,5 puntu batu zituen Zarauzko saioan, eta Peritzek, berriz, 512. Hortxe izan da langa, Peritz izan baita finalera sailkatu den azken bertsolaria.
Gaurko saioan Oiartzungo eta Zarauzko saioetan baino puntu gutxiago lortu dituzte bertsolariek. Hain zuzen ere, Oihana Iguaran nagusitu da, 519 punturekin, eta haren atzetik honako hau izan da gaurko sailkapena: Andoni Rekondo (513,5 puntu), Maider Arregi (511 puntu), Agin Laburu (499 puntu), Eñaut Martikorena (482 puntu) eta Iñigo Mantzizidor Mantxi (478 puntu). Horrenbestez, Iguaranek ez ezik, Rekondok ere lortu du finalerako pasea.
Mantxi zarauztarrak bukaerako agurrean esan du parte hartu duen Gipuzkoako azken txapelketa izan dela abian dena, eta beraz, lehia horretatik agurtu da ikus-entzuleen aurrean.