Emozioz betetako Euskadiko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketaren finala jokatu dute gaur Azkoitiko Gurea frontoian. Hiru ziren faboritoak, hirurak eskualdekoak: Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra, Eneko Otaño beizamarra eta Mikel Larrañaga azpeitiarra. Baina soilik bi txartel zeuden jokoan gorengo mailara igotzeko. Hiru faboritoak ia parean joan dira azken enborrera arte, baina azkenean azpeitiarra izan da txapelduna, eta Otañok bigarren postua eskuratu du; segundo bat, aizkorakada bakar bat, behar izan du Alberdik lanak bukatzeko, eta kolpe baten faltan, azkoitiarrari ihes egin dio lehen mailarako txartelak; horrenbestez, Larrañaga eta Otaño lehenengo mailan lehiatuko dira hurrengo denboraldian, eta azkoitiarrak beste sasoi bat igaroko du bigarrenean.
Hiru aizkolari horiek ez ezik, Ugaitz Mugerzak, Iban Resanok eta Yulen Aranberrik jokatu dute finala Gurean. Espero bezala, ikusmina eragin du lehiak, eta herritarrek harmailak bete dituzte saioa hasterako. Bi kanaerdiko, bi hiru ontzako eta bi oinbiko ebaki behar izan dituzte aizkolariek, eta guztiek indar betean hasi dituzte lanak. Ordea, hasieratik nagusitu dira Larrañaga, Otaño eta Alberdi, eta hirurak parez pare joan dira ia saio osoan. Lehen oinbikora Otaño iritsi da aurrena, baina segidan iritsi dira eskualdeko beste biak ere. Lehia oso estua izan da haien artean, eta aizkolariek enborrak moztu ahala, giroa berotzen joan da. Azken bi enborretan, berriz, Larrañagak aurrea hartu die besteei, baina emozioa amaieraraino mantentu da. Azkenean, Larrañagak 18 minutu eta 46 segundo behar izan ditu enbor guztiak ebakitzeko, eta minutu erdi baino gehiago behar izan du Otañok bere lana osatzeko; 19 minutu eta 23 segundo behar izan ditu beizamarrak horretarako, eta segundo batera amaitu ditu bereak azkoitiarrak.
Mugerzak, bestalde, 22 minutu eta 43 segundoan amaitu du finala; haren atzetik sailkatu da Resano, O0.26.24 denborarekin, eta haren ondoren amaitu ditu lanak Aranberrik, 31 minutu eta 57 segundotan.
Saioa borobiltzeko, gainera, harri jasotze erakustaldia eskaini dute Aritz Aranguren Norde azkoitiarrak eta Urdax Magunazelaiak.