Gernika-Palestina plataformak egindako deialdiari gogotik erantzun diote eskualdeko herritarrek. Gaur, astelehena, 19:00en bueltan, ehunka lagun elkartu dira eskualdeko plazetan, Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko.
Euskal Herriko herri guztietarako egin zuen elkarretaratzeak egiteko deialdia Gernika-Palestina plataformak, Israelek Palestinaren aurkako erasoa hasi zuenetik urtebete pasatxo denean. Genozidioa stop leloa zuen pankartaren atzean batu dira herritarrak Azpeitian, Azkoitian, Aizarnazabalen, Beizaman, Zumaian, Getarian, Zarautzen eta Orion; Zestoan, berriz, atzo egin zuten kontzentrazioa. Elkarretaratzea amaitu aurretik, Gernika-Palestina plataformak egunotako mobilizazioetarako prestatu duen manifestua irakurri dute han eta hemen. Zarautzen, manifestazioa ere egin dute herrian barna.
Alderdi politikoek, sindikatuek eta eragile sozialek babestu dute deialdia. Hain justu, EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Ahal Dugu, Sumar nahiz Ezker Anitza alderdietako zein ELA, LAB, Steilas, CCOO, UGT, CGT, Solidari, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuetako ordezkariek parte hartu zuten Gernika-Palestinak mobilizazioa deitzeko egin zuen agerraldian, baita Ernaik, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak eta Euskal Herriko Bilgune Feministak ere.