Gernika-Palestina plataformaren deialdiarekin bat eginez, dozenaka herritar elkartu dira gaur eguerdian Zestoako plazan, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta genozidioaren kontra. Biharko deituak ditu Gernika-Palestinak mobilizazioak herriz herri, baina Zestoan bezperara aurreratu dute protesta.
Genozidioa stop leloa zuen pankartaren atzean batu dira herritarrak, isilik, Zestoako plazan. Bitartean, Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak kantuaren Pettiren moldaketa eta Vicent Andres Estelles idazle eta poeta valentziarrak 1971ean idatzitako Assumiras la veu d’un poble poema euskaratua entzuten ziren pankarta aurrean jarritako musika ekipotik; biak ere, Israelek Gazaren kontrako azken erasoaldi ankerrari ekin zionetik urtebete igaro denean Gernika-Palestinak deitu dituen mobilizazion soinu banda izango dira.
Elkarretaratzea amaitu aurretik, Gernika-Palestina plataformak egunotako mobilizazioetarako prestatu duen manifestua irakurri dute.