Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikuspenak betetzen badira, urte eta erdi eskasean behin betiko bukatuta egongo da Iraeta eta Narrondo lotuko dituen bide berdea, Zumarraga eta Zumaia arteko Urolako bide berdea osatzeko falta den 4,15 kilometroko zatia.
Urolako trena zenaren plataformaren gainean eraikiko dute zati horren tarterik luzeena, Iraetatik Arroabeko geraleku bitarterainokoa. Tarte horretan bide berdea eraiki ahal izateko trenbide zeneko bi tunel ireki eta egonkortzeko lanak martxan dira joan den ekainetik. Eusko Jaurlaritza da, Eusko Trenbide Sarearen bidez, tunelak egonkortzeko lanak egiten ari dena, eta lan horiek hemezortzi hilabeteko epean bukatuta egongo direla jasota dago exekuzio proiektuan. Tuneletan egin beharrekoak bukatu ondoren, aldundiak hartuko ditu bere gain bide berdea atontzeko lanak, eta horien iraupena da Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak baieztatu berri duena: tunelak 2025 bukaerarako amaituko dituztela aurreikusita, ordurako proiektuaren lizitazioa gauzatuta izatea aurreikusten du aldundiak, bide berdea osatzeko lanak sei hilabeteko epean egingo ditu eta, horrenbestez, 2026ko lehen seihilekoaren buruan bukatuta egongo litzateke Iraeta-Narrondo zatia.
Ibilbidean aldaketa
"Trenbide zaharreko tunelak irekitzeko eta egonkortzeko lanen epeak publikoak ziren, baina orain arte aldundiak ez zuen zehaztu bide berdearen lanak noiz bukatzea aurreikusten zuen", dio Mikel Arregi Zestoako alkateak. Hain zuzen ere, Arregik azaldu duenez, Zestoako udal gobernuak bide berdearen proiektuaren gainean zituen "bi galdera ikur" helarazi zizkion diputatuari Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren taldearen bidez, eta horien erantzunak eman berri ditu Asensiok.
Lanak bukatzeko epearen gainekoa zen galderetako bat, eta bide berdearen trazaduraren gainekoa, bestea. Eta azken horren gainean ere bada berrikuntzarik, Arroabea eta Narrondo lotuko dituen zatia N-634 errepidearen ondoan eraikiko baitute azkenean. Honela kontatu du Arregik jasotako erantzunaren edukia: "Bagenekien aldundia berbegiratzen ari zela garai bateko trazadura, LPSean [Lurralde Plangintza Sektoriala] jasota zegoena, batez ere Arroabea eta Narrondo arteko loturaren kontuan. Bestetik, epeen kontua zegoen. Dagoeneko baieztatu zaiguna da, batetik, trazatu aldaketa bat dagoela: lehen bidea Narrondotik gora Z bat eginez igotzea aurreikusten bazen, orain N-634 errepidearen ondotik joango da zati batean, Narrondoko gasolindegitik abiatuta. Eta, bestetik, lanen amaiera data, orain arte zehaztu gabe zegoena".
Narrondo-Iraeta bide berde zatia eraikitzeko proiektuaren ingurumen inpaktuaren txostena urriaren 3an argitaratu zuten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO), eta han dagoeneko jasotzen da trazaduraren aldaketa hori.