Zumarragatik Zumaiara doan Urolako bide berdea osatzeko zati bakarra falta da, Iraeta eta Narrondo artekoa, hain zuzen. Bideak bailako bi leku hauek lotu ahal ditzan, trazaduran dauden bi tunel egonkortu, egokitu eta txukundu behar dituzte. Lan horiek abian dira duela aste batzuetatik.
Urolako trenak zeharkatzen zituen bere garaian bi tunel horiek. Batek, laburrak, 80 metroko luzera du; 500 metro, berriz, luzeak. Mikel Arregi Zestoako alkateak azaldu duenez, tunel luzean ari dira egunotan lanean, eta ondoren ekingo diote tunel laburreko lanei. Obra horiek 3.900.000 euroko aurrekontua dute, eta Nortunel aldi baterako enpresa-elkarteak egingo ditu. 18 hilabeteko epean egin beharko ditu tunelen egonkortze lanak.
Tunelak egokitzeko lanak dira Narrondo-Iraeta bidegorri-berde zatia osatzeko gelditzen diren obra luzeena eta konplikatuena. Jarraian, edota bien bitartean, bide berdearen trazadura egiteari ekingo dio Gipuzkoako Foru Aldundiak. Arregiren esanetan, lan horiek hiru fasetan egingo dituzte eta jakitera eman duenez, dagoeneko lizitatu ditu aldundiak 800.000 euroko aurrekontuarekin.