Orioko bi traineruek ohorezko txandarako txartela eskuratu dute; Getariak ezin izan du

Aitziber Arzallus 2024ko ira. 1a, 13:30

Mirotzak uretan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Orioko emakumeek erakustaldia eman dute, eta Arraun Lagunakengandik bederatzi segundo eskasera bigarren postuan sailkatuta, banderaren lehian ariko dira datorren igandean. Orioko gizonak ere dotore aritu dira, batez ere, ziabogara bitartean, eta bueltakoan Urdaibaik estropada txikitu egin duen arren, laugarren sailkatu dira oriotarrak. Getariari, aldiz, sufritzea egokitu zaio. Zazpigarren lekuan bukatu dute estropada eta kontsolazio txandan ariko dira datorren igandean.

Oriotarrek ez dute hutsik egin. Emakumeek zein gizonek, helburua lortu dute gaurkoan: datorren igandean ohorezko txandan leghiatzea eta Kontxako baderaren eskuratzeko borroka horretan egotea. 11:00etan hasi da emakumeen estropada Donostiako uretan, eta emakumeak izan dira uretaratzen aurrenak; mirotzak, gainera, lehen txandan. Osteguneko sailkatze saioan apal aritu baldin baziren ere, Patxi Francesen neskek estropada benetan txukuna jokatu dute gaurkoan, eta datorren igandeko ohorezko txandan sartzeko helburua aise lortu dute. Argi geratu da Kontxakoa oso serio hartzen duten estropada dela, eta halaxe erakutsi dute lehen txanda nagusitasunez irabazita.

Lehen txandan, laugarren kaletik, aurkariei –Kaiku, Chapela eta Astillero– 12 segundotik gorako errenta atera diete oriotarrek, nahiz eta, gaurkoan ere, denboraldi osoan zehar erakutsitakoa berretsiz, Arraun Lagunak taldea izan da bizkorrena, 10:28:26 denbora eginda. Arraun Lagunak bigarren txandan jardun da Donostiarra eta Tolosaldearekin batera, Orioren aurkari zuzenekin, alegia, eta Oriok bere txandan ez du Euskotren ligako aurkari zuzenik izan. Hala ere, bigarren sailkatu dira mirotzak, garailearengandik 9 segundo eskasera (10:37:36). Errenta da, baina datorren igandean erabakiko da dena.

Itsasoa bare eta ia haize izpirik gabe, Oriok dotore jardun du estropada guztian. Denborak alderatuta, ziabogara bitartean segundo baten aldea bakarrik atera dio Arraun Lagunakek, baina itzulerakoan bizkorragoak izan dira horiek eta hor atera dio beste 8 segundo pasatxoko aldea Oriori. Datorren igandean, ohorezko txandan, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Tolosaldea izango ditu arerio Oriok.

Emakumeek bezalaxe, Orioko gizonek ere datorren igandean Kontxako ohorezko txandan lehiatzeko txartela lortu dute. Bigarren txandan uretaratu da San Nikolas trainerua, besteak beste, Getaria eta Urdaibai parez pare zituela. Indartsu hasi dira, baina ziabogarako, bermeotarrek segundo batzuen errenta atera diete oriotarrei, eta bueltakoan, Urbaibaiko mutilek estropada txikitu egin dute.

Estropadaren garaileek 19:05:48 denbora egin dute, eta oriotarrek, 25 segundo eta 22 ehuneneko gehiago behar izan dituzte, 19:30:70 denbora egin baitute. Hala ere, gaurko sailkapenean laugarren lekua erdietsita, helburua lortu dute: ohorezko txandan sartzea. Datorren igandean, beraz, txanda nagusian, Urdaibai, Zierbena eta Donostiarra izango dituzte parez pare oriotarrek.

Aldiz, eskualdeko beste traineruak, Esperantzak, sufritu egin du, estropadaren hasieratik bukaerara. Getariarrek 19:52:16 denbora egin dute helmugan, irabazleek baino 46 segundo eta 68 ehuneneko gehiago. Horrenbestez, datorren igandean kontsolazio txanda deiturikoan arituko dira, bigarren txandan, alegia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide