Beste urte batez Getariako eta Orioko gizonezkoen traineruak Kontxako Banderan lehiatuko dira. Donostiako estropada klasikoak igande honetan eta hurrengoan jokatuko dituzte hiriburuko badian, baina, ohi bezala, bertan postu bat lortzeko sailkatze estropada gainditu behar da aurrez. Gizonezkoen erlojuaren kontrako sailkatze proba gaur arratsaldean jokatu dute, 18:00etan hasita, eta bihar emakumezkoena izango da.
23 ontzik hartu dute parte, eta minutu bateko aldearekin hartu dute irteera. Eskualdeko traineruei dagokienez, Orio bigarren abiatu da, Getaria bederatzigarren, Zumaia hamalaugarren eta Zarautz azken aurren, hogeita bigarren, Tiranen aurretik. Errenkadako lehen erdiaren artean banatu dira Kontxarako zazpi txartelak; Donostiarra zuzenean sailkatuta dago, etxeko taldea delako.
Sailkatze probako denbora onena Zierbenak ezarri du, 19:44,10eko denborarekin, baina Urdaibaik ere marka bera egin du, hamar ehuneko eskas gehiagorekin. Kontuan izateko bi oilar izango dira igande eguerdian. Hala ere, Oriok estropada txukuna egin du, eta hirugarren helmugaratu da, hamar segundora. Getariakoei kostatu egin zaie itsas barrenera sartzea eta sufritu egin dute; aitzitik, poparean ongi asmatu dute, eta bosgarren bukatu dute. Donostiara bertaratu ziren getariarrak pozarren ospatu dute lorpena.
Ezustekoa Cabo eta Kaikuk eman dute. Aurreikuspenetan horren faborito ikusten ez ziren ontziak izanda, eta egundoko lana eginda, Galiziakoak laugarren izan dira eta Sestaokoak (Bizkaia) zazpigarren. Azkenik, seigarren postua Hondarribiarentzat izan da, ohiko bat Donostiako badian.
Zumaiak hemezortzigarren bukatu du eta Zarautzek hemeretzigarren, zazpigarren izan den Kaikutik 45 segundo pasatxora.
Igandeko txandak
Sailkatze proba bukatu bezain laster, igandeko estropadako txanden osaketa egin dute zozketa bidez. Hala, lehen txandan, Hondarribia, Cabo, Kaiku eta Zierbena lehiatuko dira, eta bigarrenean, berriz, Orio, Getaria, Urdaibai eta Donostiarra. Era berean, zehaztu dute txanda bakoitzeko kaleen zozketa igande goizean egingo dutela.