Jaieguna izanik, estropadak jokatu dituzte gaur, abuztuaren 15a, KAE1 eta ETE ligetako traineruek. Plentzian (Bizkaia) izan dira lehiak gaur eguerdian, eta eskualdekoak fin ibili dira: etxera banderarekin itzuli da zumaiarren nesken trainerua, eta zarauztarren gizonezkoena, berriz, nagusi izan da bere txandan. Estropada ederra jokatu dute biek ala biek.
ETE ligan, erakustaldia eman du Zumaiak, denboraldiko seigarren bandera irabazita. Oraindik sailkapenean lider den Astillerori bederatzi segundo atera dizkio, bigarren itzulian sekulako lana eginda, eta liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan, liderragandik hiru puntura jarri dira zumaiarrak.
Estropada amaitu berritan ETB1 kateari egin dizkio adierazpenak Amane Jimenez patroi azpeitiarrak, eta argi utzi du Telmo Deunen helburua irabaztea dela: "Bai ala bai irabazi nahi genuen gaur. Hasiratik izan da gure helburua liga irabaztea, ondo hasi genuen, gero Astillerok aurre hartu zigun, baina azken hilabete osoa daramagu estropada bakoitza amorruz jokatzen, eta asteburu honetako hiru estropadak irabaztea da gure asmoa; ikusiko da ea liga irabazten dugun".
Zarautz, berriz, bosgarren izan da gaurko estropadan; hori bai, sailkapen nagusian hirugarren jarraitzen dute zarauztarrek.
KAE1en, lan ona eskualdeko hirurek
Gizonezkoei dagokienez, lan ona egin dute eskualdeko hiru ordezkariek: zarauztarrek txanda irabazi dute estropadaz gozatuz eta ehueneneko batzuengatik ez dira hirugarren sailkatu; zumaiarrek hirugarren postuan amaitu dute estropada; eta oriotarren bigarren ontziak hortzak erakutsi dizkio Portugaleteri azken unera arte –sailkapen nagusian aurkari zuzenak dituzte bizkaitarrak–. Segundo bakarragatik aurre hartu diete bizkaitarrek.
Estropada San Juan liderrak irabazi du azken luze dotorea eginda, eta Santurtzi izan da bigarren.
Hurrengo hitzordua Zarautzen dute liga guztietako traineruek, asteburu honetan Zarauzko Ikurrina banderak egongo baitira jokoan. Ligak amaitzeko azken txanpa honetan, eta puntu guztiak izango dira garrantzitsuak taldeentzat.