Zumaiako gizonek denboraldiko lehen bandera irabazi dute

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 12a, 11:00

Zumaiako arraunlariak garaipena ospatzen herriko kaleetan. (Juan Luis Romatet)

Hondarribian, Pasaian eta Ondarroan izan dituzte hitzorduak eskualdeko arraun elkarteek.

Arraun denboraldiko hitzordu garrantzitsuenetako baten atarian dira Euskotren eta Eusko Label traineru lugak. Datorren asteburuan jokatuko dute Zarauzko Ikurrina. Larunbatean zein igandean izango dituzte arraunketa saioak Zarautzen.

Pasa berri den asteburuan Hondarribian eta Pasaian izan dituzte estropadak Orioko eta Getariako traineruek. 

Euskotren ligari dagokionez, egun batetik bestera hobekuntza nabarmena izan du Orioko traineruak. Zapatuan, XVI Txingudiko Bandera jokatu zuten Hondarribian, eta oriotarrak laugarren izan ziren. Igandean, berriz, Gertu Eraikuntzako Bandera izan zen jokoan Pasaian, eta bigarren egin zuen Oriok irabazle izan zen Donostia Arraun Lagunakengandik zortzi segundo eskasera.

Sailkapen orokorrean hirugarren da Orio 82 punturekin. Bigarren den Tolosaldea bi puntu dituzte oriotarrek. Liga dagoeneko irabazi du Donostia Arraun Lagunakek.

Eusko Label ligak ere Hondarribian eta Pasaian izan ditu geralekuak. Larunbatean Hondarribiko XXXVII. Banderako arraunketa saioak izan zituzten. Orio bosgarren izan zen eta Getaria hamargarren. Pasaian, berriz, I. Adinberri Bandera jokatu zuten igande eguerdian. Eskualdeko bi ontziek ere hobera egin zuten larunbateko estropadekin alderatua: Orio hirugarren izan zen eta Getaria zortzigarren.

Zarauzko Ikurrinaren atarian, Orio bosgarren da sailkapen orokorrean, 120 punturekin, eta Getaria seigarren 87rekin.

Zumaiarentzako bandera

Sorpresa eman zuen atzo gizonen Zumaiako Telmo Deunek. Bero saparekin Hondarribian jokatu zuten Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako XVIII. Bandera etxeratu zuen Zumaiak Lapurdiren, Itsasoko Amaren eta orain arte dominatzaile izan den San Juanen aurretik helmugaratu ondoren. Estropada berean, Zarautz zazpigarren izan zen eta Orioren B ontzia hamargarren.

Sailkapen orokorrean, Zumaia bigarren da 95 punturekin, Zarautz seigarren 77 punturekin eta Orio hamabigarren 30 punturekin.

Telmo Deun arraun elkartea bigarren bandera bat lortzeko zorian izan da asteburu honetan. Larunbat goizean Ondarroan jokatutako Ondarroako XL. Bandera - Ondarroako Udala Sari Nagusian bigarren izan zen Zumaia, azken estropadak irabazi dituen Astillerorengandik 35 ehunekotara. Zarautz bosgarren izan zen Ondarroako uretan.

Sailkapenean, Zumaia bigarren da 79 punturekin eta Zarautz hirugarren 62rekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide