San Lorentzo eguna ospatzeko dena prest dute San Lorenten eta Beizaman

Mailo Oiarzabal 2024ko abu. 8a, 11:57

Iazko San Lorentzo egunean San Lorenten hartutako argazkia. Aurten ere jarriko dituzte poniak umeentzat. (Maialen Etxaniz)

Eguerdi parteko urteroko ekitaldiez gain, Eñaut Elorrietaren kontzertua izango dute arratsaldean San Lorenten. Beizaman, berriz, arratsaldean elkartuko dira San Lorentzo ermitan; joatekoak direnei aurrez abisatzeko eskatu diete.

Etzi, abuztuak 10, San Lorentzo da, eta usadioak berrituz, festa giroan ospatuko dute egun hori Zestoa eta Zumaia arteko San Lorenteko eta Beizamako San Lorentzo ermiten bueltan.

San Lorenten, gainera, eguerdian ez ezik, arratsaldean ere izango dute festa aurten. 11:00etan meza ospatu ondoren, trikitilariek, txakolinak eta pintxoek, umeentzako jolasek eta bertsolariek jantziko dute jai giroa. Eta 18:00etan, ermitan, Eñaut Elorrietak kontzertua emango du; bihar da sarrerak eskuratu ahal izateko azken eguna, eta Zestoako udaletxean erosi behar dira.

Beizaman, berriz, etzi arratsaldean izango dituzte ohiko ospakizunak San Lorentzori eskainitako ermitan. Han ere meza egingo dute lehendabizi, 19:00etan, eta ondoren mokadutxoa eskainiko diete bertaratzen direnei. Hain zuzen ere, larunbatean San Lorentzora joateko asmoa dutenei aurrez abisatzeko eskatu diete, 630 54 50 88 telefono zenbakira deituta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide