Atzo bezala, gaurkoan ere Bizkaian izan da estropada, baina oraingoan Lekeition. Bertan aritu dira eskualdeko traineruak, eta saiatu badira ere, atzo baino emaitza kaskarragoak lortu dituzte Orioko taldeek. Zehazki, bosgarren sailkatu dira gizonezkoak, eta laugarren emakumezkoak. Getariako mutilek ez dute atzoko bosgarren postua hobetzea lortu, eta zazpigarren helmugaratu dira. Beste behin ere, Urdaibai eta Arraun Lagunak izan dira azkarrenak.
Euskotren ligan bigarren txandan aritu da Orioko ontzia, eta atzo bezala, hirugarren amaitu du txanda, Donostiarra eta Arraun Lagunaken atzetik. Dena dela, gaurkoan Donostiarrakek bost segunduko aldea kendu dio mirotzei. Irudi ikusgarriak ere izan dira nesken txanda horretan; izan ere, Oriorena zen lehen kalera gerturatu dira Donostiarra eta Hondarribia, eta epaileak bandera zuria eta urdina erakutsiz abisua eman badie ere, hiru traineruak elkarrengandik oso gertu iritsi dira helmugara. Lehen txandan oso txukun ibili da Tolosaldea, eta horrenbestez, sailkapen orokorrean bigarren jarri da, Orioren aurretik, nahiz eta mirotzen puntu berberak izan, 59.
Eusko Label ligari dagokionez, ohorezko txandan lehiatu da Orioko gizonezkoen trainerua, baina besteak gehiago izan dira, eta aukerarik gabe utzi dute Orio. Bosgarren izan dira, eta zortzi puntu eskuratuta, Donostiarraken puntu berberak ditu sailkapen orokorrean, 90. Getariak, aldiz, atzoko postu berbera erdietsi du bere txandan, baina zazpigarrenak izan dira gaurkoan. Sailkapen orokorrean seigarren postuan jarraitzen dute.