Galiziako uretan lehiatu ostean, Euskal Herrian jokatu dituzte gaurkoan, Getxon, hain zuzen ere, Eusko Label eta Euskotren ligetako jardunaldiak. Eskualdeko ontziek oro har emaitza onak lortu dituzte: hirugarren eta bosgarren postuetan sailkatu dira, hurrenez hurren, Orioko bi ontziak eta Getariakoa. Azkarrenak, beste behin ere, Urdaibai eta Arraun Lagunak izan dira.
Eusko Label ligari dagokionez, hirugarren sailkatu dira gaurkoan oriotarrak. Ohorezko txandan aritu dira mirotzak, eta gogor lan egin duten arren ez dute lortu ez Zierbena eta ez Urdaibai aurreratzerik. Getaria lehiakor ibili da gaurkoan, eta azken luze eder bat eginda bigarren sailkatu da beraien txandan. Horrenbestez, hirugarren jarraitzen du Orioko traineruak sailkapen orokorrean, eta 82 punturekin, Zierbena eta Urdaibai bakarrik ditu aurretik. Atzetik, 79 punturekin dago Donostiarra, eta 78rekin Hondarribia. Seigarren dago Getaria, 57 punturekin.
Euskotren ligan, berriz, hirugarren egin du Oriok Donostiarraken atzetik, nahiz eta Donostiarrari gertutik jarraitu dion. Bi ontziak segundo bat baino gutxiagoko aldearekin helmugaratu dira, hain zuzen ere, 38 ehunera. Arraun Lagunakek nagusitasunez irabazi du, eta menderaezin jarraitzen du. Nolanahi ere, oriotarrak sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen dute, 54 punturekin.