Olinpiar Jokoak 2024

Bost uztaiak gora-gora, lurretik zerura

Aritz Mutiozabal 2024ko uzt. 26a, 10:00

Kauldi Odriozola Parisen, uztai olinpikoen aurrean. (utzitakoa)

Gaur inauguratuko dituzte Parisko Olinpiar Jokoak, eta Kauldi Odriozola, Nadia Erostarbe eta Janire Gonzalez Etxabarri bertan lehiatuko dira.

Paris. Oh la, la! Maitasunaren hiria, bohemioen topagunea, margolari garaikideen musa eta abangoardisten kafetegi surrealista. We'll always have Paris. Eiffel dorrea, Louvre museoa, Montparnasse auzoa, Garaipenaren Arkua, Eliseo Zelaiak eta dantzan, dantzan Notre-Dame-eko plazan. Aurten, gainera, gaurtik hasi eta abuztuaren 11ra arte, kirolaren hiriburu bihurtuko da hirugarrenez. Olinpiar Joko modernoen bigarren edizioa hartu zuen 1900. urtean, Atenasen lekukoa jasota, eta 1924an, hitzordu garrantzitsua antolatzeaz arduratu zen bigarren aldiz. Orain, ehun urte zehatz geroago, uztai olinpikoek berriro egingo dute dir-dir Senako uretan islatuta.

Eskualdeko kirolariei dagokienez, Iñigo Peña piraguista zumaiarra izan zen Tokion parte hartu zuen ordezkari bakarra. Aurten, berriz, hiru izango dira norbere izena eta herria nazioarteko mapan ezarriko dutenak: alde batetik, Kauldi Odriozola eskubaloi jokalari zumaiarra, eta bestetik, bi lagun surflari, Nadia Erostarbe zarauztarra eta Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarra.

Eskubaloiko partidak South Paris Arenako seigarren kantxan jokatuko ditu Espainiako selekzioak. Aitzitik, Paristik urruti ariko dira surflariak, olatu zaleen artean aski ezaguna den Teahupooko uharrian (Tahiti, Polinesia Frantsesa).

Igandetik olatuak

Lehen faseko bigarren txandan ariko da Gonzalez Etxabarri, eta zazpigarrenean Erostarbe. Zortzi txanda dira, guztira, eta hiruna surflari lehiatuko dira bakoitzean. Lehen sailkatua zuzenean pasatuko da final-zortzirenetara eta beste biek bigarren aukera bat izango dute. Final-zortzirenetatik aurrera buruz burukoak izango dira kanporaketak.

Eskualdeko surflariek igandean jokatuko dute lehenengo faseko proba; 00:24ean hasita, Gonzalez Etxabarrik, eta 03:24tik aurrera, Erostarbek. Olinpiar Jokoetako Surfeko txapelketa bihar hasiko da eta uztailaren 31 bitartean jokatuko dute, hasiera batean, baina itsasoko baldintzak egokiak ez badira zenbait kanporaketa atzeratu litzateke. Nolanahi ere, abuztuaren 5erako amaituta egon beharko du.

Lehen partida, bihar

Odriozolak larunbatean jokatuko du Espainiako selekzioarekin txapelketako estreianko partida, 09:00etan, Esloveniaren aurka. Sei taldetako bi multzotan banatuta egongo dira, eta honakoak izango dira jokalari zumaiarak izango dituen beste lau neurketak: uztailaren 29an, 16:00etan, Suediaren aurka arituko da; uztailaren 31ean, 14:00etan, Japoniaren aurka; abuztuaren 2an, 16:00etan, Alemaniaren aurka; eta abuztuaren 4an, 21:00etan, Kroaziaren aurka.

Multzo bakoitzeko lehenengo lau selekzioek soilik egingo dute aurrera eta abuztuaren 7tik aurrera final-laurdenetako kanporaketei ekingo diete. Finalerdietako partidak abuztuaren 9an jokatuko dituzte, eta final nagusia abuztuaren 11n. Olinpiar Jokoak amaituko diren egunean, alegia.

Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide