Urola Kostako kirolari olinpikoak

Aritz Mutiozabal 2024ko uzt. 26a, 09:56

Iñigo Peña piraguista Rioko eta Tokioko Jokoetan aritu zen. (Utzitakoa)

Hona hemen, modu kronologikoan, Olinpiar Jokoetan parte hartu duten edo aukera izan duten eskualdeko kirolarien zerrenda.

Anberes'20. Realeko lehen atezain nagusia izan zen Agustin Eizagirre (Zarautz, 1897-1961), eta garaiko Espainiako ligako onena zen. Anberesko 1920ko Jokoetarako hautatu zuten, eta, printzipioz, Espainiako selekzioko atezaina bera izango zen, baina lehen partidan Ricardo Zamora jarri zuten atean. Jendea liluratuta geratu zen 19 urte atezain gaztearekin, eta zereginik ez zeukala ikusita, Eizagirre etxera itzuli zen. Espainiak zilarrezko domina lortu zuen.

Amsterdam'28. Luis Iruretagoiena Kiriki (Zarautz, 1907-1965) Realeko futbolaria 1928ko Amsterdameko Jokoetan izan zen. Bigarren partidan Italiarekin bana berdindu zuen taldeak, eta zarauztarrak ezin izan zuen jokatu berdinketa hausteko norgehiagoka, italiarren kontrako aurreko lehian min hartu zuelako. Espainiak 7-1 galdu zuen.

Berlin'36. Isidoro Unzueta korrikalari zarauztarra Espainiako txapeldunorde izan zen 1936an, eta Berlingo Jokoetarako txartela lortu zuen. Ignazio Sarasua arraunlari oriotarra ere bertan lehiatzekoa zen. Zoritxarrez, 36ko Gerrak haien ametsa eten zuen.

Londres'48. Juan del Campo zumaiarra (1923-2010) goi mailan aritu zen belar hockeyan jokatzen, eta horrek 1948ko Londresko Jokoetan aritzeko aukera eman zion. Espainiak ezin izan zuen finalerdietarako sailkatu, eta, azkenean, India izan zen garaile, Ingalaterraren aurka. Nolanahi ere, del Campori bere postuko jokalari onenaren domina eman zioten.

Mexiko'68. Mamo Wolde etiopiarra iraupen luzeko garaiko lasterkaririk onena zen, eta Mexikoko Olinpiar Jokoetan loriatsu irabazi zuen maratoia. Aldiz, urte horretan bertan, Jose Migel Maiz aiarra nagusitu zen Donostiako Krosean, Mamo Wolde atzean utzita. Tamalez, aiarra ez zen Mexikon lehiatu.

Montreal'76. Esteban Azkue oriotarrak palmares polita zeukan plater tiroan. Aurrekariak ikusita, 1976ko Montrealgo Jokoetan emaitza txukuna lortuko zuela aurreikusten zuten askok, baina 11. sailkatu zen. 1984ko Los Angelesko hitzordurako aurre-hautatuen artean egon zen arren, azkenean ez zuen hartu parte.

Montreal'76. Jokoak zirela eta, Correosek lau zigiluz osatutako sail berezia kaleratu zuen kirola ardatz hartuta. Horietako batean arrauna irudikatu zuten Orio irakur ziteken traineru batekin.

Moscu'80. Jose Luis Korta arraunlari oriotarrak behin baino ez zuen parte hartu: 1980ko Moskuko Olinpiar Jokoetan, data aldetik arraun denboraldia lehenago jokatu zelako. Jose Ramon Oiarzabal oiartzuarrarekin batera skull bikotzean lehiatu zen, eta zazpigarren bukatu zuten.

Seul'88. Aiako Salbardin baserrian bizi den Maria Luisa Irizar Espainiako txapeldun izan zen Valentzian (Herrialde Katalanak) jokatutako maratoian, baina Espainiako federazioak ez zuen Seulera eraman 1988an, horretarako dirurik ez zeukala argudiatuta. Lau urte geroago, pneumonia batek 1992ko Bartzelonako hitzordutik kanpo utzi zuen.

Seul'88. Orio Arraunketa Elkarteko Jose Luis Agirre eta Ibon Urbieta presente izan ziren. Lehenak lemazainik gabeko lauko ontzian hartu zuen parte, eta bigarrenak lemazaindun lauko ontzian. Biek ala biek ezin izan zuten lehen txanda gainditu. Urbieta 1992ko Bartzelonako hitzordurako ere prestatu zen, Jose Ignacio Bugarinekin bikoa osatuta eta Javier Cano lemazain zutela; hamabigarren postuan bukatu zuten.

Bartzelona'92. Karmele Makazaga eskubaloi jokalari zarauztarra Espainiako selekzioko kapitaina izan zen Bartzelonan. Zortzi talde aritu ziren jokoan eta zazpigarren postuan bukatu zuten.

Bartzelona'92. Jokin Larrañaga pilotari azkoitiarra, Oskar Goñi nafarrarekin bikotea osatuz, zilarrezko domina jantzi zuen trinketean. Mexikoren aurka galdu zuten finalean.

Bartzelona'92. Diego Garcia korrikalariak (Azkoitia, 1961-2001) birritan hartu zuen parte Jokoetan: Bartzelonan 1992an eta Atlantan (AEB) 1996an. Aurrenekoan, maratoiko Espainiako marka hautsi zuen 2:10:30ko denborarekin, bederatzigarren postuan sailkatuta. Bigarren parte hartzea, aitzitik, nahiko oharkabean igaro zen, 52. postuan bukatuta.

Atenas'04. Ainhoa Murua triatleta zarauztarrak lau aldiz hartu du parte Olinpiar Jokoetan: Atenasen 2004an, Pekinen 2008an, Londresen 2012an eta Rio de Janeiron 2016an. Denetariko emaitzak lortu ditu, baina 2012an heldu zen gailurrera: zazpigarren postuan sailkatu zen, eta diploma olinpikoarekin itzuli zen etxera.

Pekin'08. Borja Iradier igerilari zarauztarra Pekingo Jokoetan izan zen. Bular estiloko 100 metroko proban hartu zuen parte, baina ez zen bere onenean iritsi. Hitzordura sailkatzeko gutxieneko marka bi hilabete lehenago lortu zuen, eta, ondorioz, ezin izan zuen lehen kanporaketa gainditu.

Londres'12. Asko saiatu eta gero, Londresko Jokoetara sailkatzea lortu zuen Oiana Blanco judoka oriotarrak. Ibilbide laburra izan zuen: garaiko munduko txapeldun Tomoko Fukumiren aurka galdu zuen lehen kanporaketan.

Londres'12. Mikel Agirrezabalaga eskubaloi jokalari zarauztarrak Espainiako selekzioarekin aritu zen. Hain justu ere, urrezko domina lortu zuen Frantziak kaleratu zuen Espainia final-laurdenetan.

Rio'16. Iñigo Peña piraguista zumaiarrak bosgarren amaitu zuen Rioko finalean, K4 modalitateko 1.000 metroko proban. Laugarren geratzeko zorian izan bazen ere, epaileen azken uneko erabaki baten ondorioz bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Lau urte geroagoa, K2 modalitatean lehiatu zen Tokion, Francisco Cubelos lagun zuela, eta seigarren izan zen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide