Telmo Deunen ETE ligako ontzia garaipenaren bidera itzuli da eta denboraldiko bosgarren bandera irabazi du Sestaon. Hori horrela, sailkapeneko lidergoan jarraitzen du eta bi puntura zabaldu du, atzera berriro, Astillerori ateratzen dion aldea.
Gaurkoan ere bigarren sailkatu da Kantabriako taldea zumaiarrengandik hiru segundora. Estua izan da bien arteko aldea, beste behin, hasi eta buka. Ziabogara segundo bateko errentarekin heldu dira zumaiarrak eta bigarren luzean eutsi eta zertxobait zabaltzea lortu dute, esan bezala. Zarauzko Enbatak ere gertutik jarraitu ditu eta ia harrapatu du Astillero bigarren luzean. Atzekoz aurreko estropada egin dute ZAEko emakumeek; izan ere, ziabogan bost segundo galtzen zituzten kantabriarrekin eta bi segundo eskasera helmugaratu dira, azkenean.
KAE1 Ligako Orioko, Zarauzko eta Zumaiako traineruek, berriz, ez dute estropadarik izan asteburu honetan. ETE Ligakoen ondoren aritzekoak ziren Sestaon bertan, baina baimenekin izandako arazo bat tarteko, bertan behera utzi dute estropada. Datorren astean, bi ligetako ontziek jardunaldi bakarra izango dute berriro ere, eta Pedreñan (Kantabria) izango da, larunbat arratsaldean.