Saririk gabeko asteburua

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 7a, 14:46

Orioko trainerua, larunbatean Donostian. (Aitor Arrizabalaga/ACT)

Eskualdeko klubek ez dute asteburu honetan jokatutako estropadetan banderarik astintzerik izan.

Euskotren, Eusko Label, ETE eta KAE 1 ligetan aritu dira asteburu honetan Eskualdeko arraun elkarteetako traineruak. Aurrekoan ez bezala –Zumaiak bi bandera irabazi zituen–, oraingo honetan esku hutsik bueltatu behar izan dute arraunketa saioak egitetik. 

Pasa den asteburuan Galizian aritu ondoren, asteburu honetan Gipuzkoan eta Bizkaian izan dituzte estropadak Euskotren eta Eusko Label ligetan aritzen diren traineruek. Euskotren ligari dagokionez, Fabrika bandera jokatu zuten larunbatean, Donostian, eta Edinor bandera igandean, Zierbenan. Bietan ere hirugarren postuan sailkatu da Orio. Lau jardunaldi jokatuta, sailkapeneko hirugarren postuan da Orio 25 punturekin. Liderra orain arteko lau estropadak irabazi dituen Donostia Arraun Lagunak da, 32 punturekin. Bien artean kokatu da Tolosaldea, 27 punturekin.

Eusko Label ligak ere Donostian eta Zierbenan izan ditu hitzorduak asteburu honetan. Orain artekoa ikusita, badirudi Urdaibai izango dela ligako dominatzailea, jokatutako lau banderak irabazi dituelako. Bigarren posturako borrokan dabiltza Zierbena eta Hondarribia. Oriok, berriz, bi laugarren postu lortu ditu asteburuan. Emaitza horiei esker, laugarren da sailkapen orokorrean Orioko trainerua, 36 punturekin. Lehena Urdaibai da (48 puntu), bigarren Zierbena (41 puntu) eta Hondarribia hirugarren (40 puntu).

Datorren asteburuan bi hitzordu izango dituzte emakumeek zein gizonek, biak ere Bizkaiko uretan: larunbatean Bilboko bandera izango da jokoan, eta igandean Sestaokoa.

Bolada onaren amaiera

ETE eta KAE ligetako estropadak ere jokatu dituzte asteburu honetan. Larunbat arratsaldean Kantabrian (Espainia) izan ziren, Camargoko banderetan lehian; igandean, berriz, Ibaizabalen egin behar izan zuten arraun, Portugaleteko banderan.

Zumaiako emakumeek aurreko asteburuetako bolada onari eutsi nahi zioten astebukaera honetan ere –aurreko lau banderak irabaztetik zetozen–, baina ez da posible izan. Bi estropadetan nagusi izan dira Astilleroko kantabriarrak. Camargon Zarautz sailkatu zen bigarren postuan eta Zumaia hirugarren, ehuneko gutxira; Portugaleten, berriz, Zumaia izan da bigarren eta Zarautz hirugarren.

Ligako sei jardunaldi jokatuta, Zumaiak jarraitzen du lider postuan, 45 punturekin, baina bigarrenarekin, Astillerorekin, aldea puntu bakarrekoa da. Zarautz dago hirugarren postuan, 34 punturekin.

KAE 1 ligan aurkaririk ez du San Juanek. Bost bandera jokatu dituzte eta bostak irabazi pasaitarrek. Zumaiak lan ederra egin du bi estropada hauetan: hirugarren izan zen atzo Camargon eta laugarren gaur Portugaleten. Zarautz, berriz, aurreko asteburuan bi bigarren postu bikain lortzetik zetorren, baina oraingoan ezin izan ditu emaitzak berretsi: seigarren izan zen atzo Kantabrian, eta zazpigarren gaur Bilboan. Orio B, aldiz, hamargarren izan zen atzo Camargoko banderan, eta azkena gaur Portugaleten.

Ligako sailkapenean jaun eta jabe da San Juan 60 punturekin. Atzetik, borroka estua dute bigarren den Arkotek (49 puntu), hirugarren den Zumaiak (43 puntu) eta 42 punturekin laugarren eta bosgarren diren Lapurdik eta Zarautzek.

Datorren asteburuan Sestaon izango dute hitzordua emakumeek zein gizonek, igandean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide