Jardunaldi bikoitza izango dute eskualdeko traineruek asteburu honetan ere

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 5a, 17:00

Getariako trainerua estropada batean. (Utzitakoa)

Euskotren eta Eusko Label ligetako ontziak Donostian eta Zierbenan (Bizkaia) ariko dira bihar arratsaldean eta etzi goizean. ETE eta KAE1 ligetakoak, berriz, Camargon (Kantabria) eta Portugaleten (Bizkaia).

Urola Kostako arraun zaleek ez dute aspertzeko tarterik izango asteburu honetan; izan ere, Euskotren eta Eusko Label Ligako Getariaren eta Orioren traineruek eta ETE eta KAE1 ligetako Oriokoek, Zarauzkoek eta Zumaiakoek bina estropada izango dituzte bihar eta etzi.

Gorengo ligetakoei erreparatuta, joan den astean ekin zioten denboraldiari Galiziako uretan eta etxetik gertu ariko dira orain, Euskal Herrian. Ohi bezala, Euskotren ligakoak izango dira lehiatzen lehenengoak eta 17:25ean hasita egingo dute bihar Donostian. Orio ohorezko txandan ariko da eta Tolosaldea eta Donostiarra baino azkarragoa izatea, eta ahal dela, Arraun Lagunak menderatzea izango du helburu.

Emakumeen estropada amaitutakoan abiatuko dute gizonena, 18:20 aldera, eta Orio ohorezko txandan ariko da. Getariak, berriz, erdiko txandan egingo du arraun. San Nikolas ontziak ohorezko txanda horri eustea izango du xede eta Esperantzak Donostiarra etxeko traineruari erdiko txandan gauzak zail jartzea.

Igandean, Zierbenan (Bizkaia) ariko dira Euskotren eta Eusko Label legetako ontziak. Lehenengo txandako emakumeak 11:25ean abiatuko dira, eta 12:20ean gizonak.

ETE eta KAE1 Kantabrian eta Bizkaian

Orioren, ZAEren eta Telmo Deunen ETE eta KAE1 ligetako traineruek ez dute Galiziaraino joan beharrik izaten, baina denboraldiko irteera luzeenetakoak izango dituzte: Camargon (Kantabria) ariko dira bihar eta Portugaleten (Bizkaia) etzi.

Lehenengo estropadari begira jarrita, ETE ligakoa 16:00etan hasiko da eta ohorezko txandan lehiatuko dira Enbata nahiz Telmo Deun. Bigarrenak lautik lau estropada irabazi ditu orain arte, eta horri jarraipena eman nahiko dio. Zarauzko ontziak, aldiz, orain arteko estropada guztietan eskuratutako laugarren postua hobetzea izango du erronka. Igandeko estropada 11:00etan hasiko dute.

KAE1e ligan, berriz, hiru txandetako bakoitzean ordezkari bana izango du Urola Kostak. Orioren bigarren ontzia lehenengo txandan ariko da bihar 17:00etan hasita, Zumaiakoa erdikoan, eta Zarauzkoa ohorezko txandan. Azken bi estropadetan bigarren sailkatu ondoren, bolada onari jarraipena ematen ahaleginduko da Enbata eta orain arte menderaezina izan den San Juani ez ustekoa ematen ere bai, bide batez.

Telmo Deunek, aldiz, erdiko txanda irabazi nahiko du goiko postuetara gerturatu eta ohorezko txanda horretan sartzeko atzera berriro. Oriok ere bere txanda irabaztea izango du xede nagusi jaitsiera postuekiko aldea zabaltzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide