Gaur jokatu dituzte Galizian Euskotren eta Euskolabel Ligako bigarren jardunaldiak. Hain zuzen ere, Bueuko Bandera izan dute jokoan eskualdeko ontziek, eta zoritxarrez, bandera ez da ez Getariara ez Oriora etorri. Atzoko estropadako emaitzen antzera, gaurkoan ere Arraun Lagunakentzat eta Urdaibairentzat izan dira lehen postuak.
Euskotren Ligari dagokionez, Oriok gogor borrokatu du bere lehen kaletik bigarren postua lortzeko, baina azkenean Tolosaldea 58 ehunen lehenago iritsi da amaierara, eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan dute mirotzek. Ohorezko txandan irten diren lau taldeek osatu dituzte sailkapeneko lehen postuak: Arraun Lagunak (10:27,52), Tolosaldea (10:36,50), Orio (10:37,08), eta Donostiarra (10:44,48).
Eusko Label Ligan ez da ezustekorik gertatu, eta Urdaibaik lortu du garaipena. Dena den, bigarren txandan irten dira eskualdeko bi traineruak, eta biek ala biek gogor borrokatu dute hirugarren postua lortzeko. Azkenean, segundu bat pasatxoko tartearekin, azkarragoak izan dira oriotarrak. Honela geratu dira gaurko lehen lau postuak: Urdaibai (19:34,65), Zierbena (19:37,11), Orio (19:44,80) eta Getaria (19:46,32).