Emakumeen estropada amaitu berritan, gizonezkoen Zumaiako XXXIX. Ikurriña jokatu dute herri horretako uretan, eta tartean izan dira eskualdeko Zumaiako, Zarauzko eta Orioko ontziak. Gaurkoan ere ez du eskualdeko inork irabazi estropada, eta atzoko traineru bera, San Juan, izan da garaile gaur ere. Bigarren postua, dena den, atzo bezala Enbatarentzat izan da gaur, lehenengotik 7 segundu ingurura amaitu baitu estropada –21:18,14–.
Estropada binakako erlojupekoen jokatu dute, seiko bi txandatan banatuta. Hain zuzen, bigarren txandan aritu dira bai Zumaia eta bai Zarautz, lehenengoa Pedreñaren aurka eta bigarrena San Juanen kontra. Biek galdu dituzte txandak, Zumaiak tarte gehiagorekin Zarautzek baino. Dena den, azken horiek parez pare eusteko gai izan dira azkenengo momentura arte eta ez diote San Juani estropada hausten utzi. Sailkapen orokorrari dagokionez, Zarautz bigarren postura igo da, eta 29 puntu ditu guztira. Zumaiak, aldiz, bosgarren postuan jarraitzen du, eta 24 puntu ditu orain.
Lehenengo txandan irten da Orio, Itsasoko Amarekin batera, eta atzo txanda irabaztea lortu bazuen ere, gaur ez du zorte bera izan. Atzetik joan da estropada osoa, eta hori horrela izanda, azken postuan helmugaratu da talde oriotarra, 22:07,41eko denbora lortuta. Horrek eragina izan du sailkapen orokorrean, eta zortzigarren postutik hamargarrengora jaitsi da. 11 puntu ditu guztira.