Zarauzko gizonak bigarren sailkatu dira Donibane Lohizuneko XXXII. Ikurriñan

Mireia Galarza Bastida 2024ko eka. 29a, 19:17

ZAEko arraunlariak iazko Kontxako sailkatze estropada jokatu ondoren. (ZAE)

Orioko bigarren taldea, berriz, seigarren azkarrena izan da gaurkoan, eta Zumaia bederatzigarrena. San Juanek irabazi du estropada.

Emakumeen goizeko estropada eta gero, gizonezkoen txanda izan da arratsaldean Donibane Lohizunen. Ziburuko XXXII. Ikurriña lortzeko lehian ibili dira eskualdeko hiru ontzi –Zumaia, Zarautz eta Orioko bigarren taldea–, baina bandera ez da eskualdera etorri, San Juan indartsuak irabazi baitu estropada –21:09,61–. Dena den, oso lan ona eginda, Zarautzek bigarren postua lortu du, lehenengotik 8 segundu ingurura amaitu baitu estropada –21:17,24–.

Zarauzko trainerua bigarren txandan lehiatu da, eta azkarrena izan da bere txandan, Portugalete, Pedreña eta Arkoterekin jokatu duena. Lehen ziaboga hartzen azkarragoa izan da Pedreña, eta bigarrengoa Arkoteren denbora berean egin du. Dena den, hirugarrengoan azkarrena izan da, eta esan bezala, txanda irabazi du, 21:17,24ko denboran. Sailkapen orokorrari dagokionez, Zarautz laugarren postuan dago, 18 punturekin.

Lehenengo txandan irten da Orio, eta lortu du txanda irabaztea –21:42,63– Orsa Hondarribia, Deustu eta Camargoren aurka. Txanda osoan ibili da aurretik, ziabogetan ere azkarrena izan da, baina hori ez da nahiko izan estropadako lehen postutan kokatzeko, eta seigarren amaitu du gaurko estropada. Sailkapen orokorrean zortzigarren postuan dago etxeko bigarren taldea, bederatzi punturekin.

Zumaia hirugarren txandan irten da, San Juan, Itsasoko Ama eta Lapurdirekin batera, eta ezin izan du ia ezer egin bere aurkarien kontra. San Juan eta Lapurdiren atzetik sailkatu da bere txandan, 21:50,92ko denbora lortuta. Sailkapen orokorrari dagokionez, Zumaia bosgarren postuan dago, 15 punturekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide