ETE eta KAE1 ligak jada abiatuta, bihar arratsaldean jokatuko dituzte lehenengo estropadak maila bat gorago dauden Euskotren eta Eusko Label ligetako traineruek. Aurten ere eskualdeko hiru ontzi arituko dira gorengo liga horietan: Orio eta Getaria gizonezkoen Eusko Label ligan eta Orio emakumezkoen Euskotren ligan. Traineruetako bakoitzak izango duen helburua, ordea, bestelakoa izango da: Eusko Labelen arituko diren bi ontziek bigarren txandan lehiatzea dute xede, eta Euskotrenekoak banderak eta liga irabazteko borrokan aritu nahi du.
Bi ligetako ontziek Galiziako uretan ekingo diote denboraldiari aurten ere. Hala, biharko lehenengo estropada A Coruñan jokatuko dute 17:25etik aurrera, eta bigarrena, etzi, Bueuen, 11:25ean hasita. Bi egunetan Esukotrenekoak izango dira uretaratzen lehenengoak.
Urola Kostan, berriz, hiru herritan jokatuko dituzte estropadak: Getarian, Orion eta Zarautzen. Azkenak Euskotren ligaren amaiera hartuko du, beste behin, eta bi jardunalditara jokatuko dute ikurrina, ohi bezala. Abuztuaren 17 eta 18ko asteburuan izango da hori. Orion, berriz, abuztuaren 4an, igandean, jokatuko dituzte estropadak, eta, Getarian, abuztuaren 25ean, igandean, era berean. Azken horretan, ordea, Eusko Label ligako traineruak soilik lehiatuko dira; izan ere, ordurako Euskotren liga amaituta egongo da, esan bezala.
Euskotren eta Eusko Label ligei eusteko edota mailaz igotzeko play-off-ak, azkenik, Bizkaian jokatuko dituzte berriro ere: irailaren 14 eta 15eko asteburuan izango dira, Bermeon eta Portugaleten, hurrenez hurren. Estropada horiek Eusko Label ligako hemeretzigarren eta hogeigarren jardunaldiekin bat egingo dute eta azkenak izango dira. Emakumeek, berriz, hamasei jardunaldi jokatuko dituzte, guztira.
ETE eta KAE1 ligetan jardunaldi bikoitza
Asteburuko estropadak ez dira bi liga nagusietara mugatuko; izan ere, ETE eta KAE1eko traineruak ere lehiatuko dira bihar eta etzi. Jardunaldi bikoitza izango dute azken hauek ere: Donibane Lohizunen (Lapurdi) arituko dira larunbatean, 12:00etan hasita ETE ligakoak eta 17:30etik aurrera KAE1ekoak, eta, Zumaian, igandean. 11:00etan ekingo diote ETE ligako estropadei eta horiek amaitutakoan hasiko dira KAE1ekoak.
Telmo Deunek etxeko estropada izango du begiz jota, baina biharkoa ahaztu gabe, betiere. Bietan emaitza onak lortzea ezinbestekoa izango da joan den hasteko denboraldi hasiera onari jarraipena emateko, emakumezkoak beren ligako liderrak baitira lehenengo bi estropadak irabazita eta gizonezkoak bigarren sailkatuta daude.
Zarauzko bi traineruak, berriz, joan den asteko emaitzak hobetzea izango dute helburu. Emakumeek hirugarren postuan amaitu zuten liga iaz eta laugarren sailkatu dira lehenengo bi estropadetan. Era berean, ohorezko txandan aritzeko itxaropentsu agertu ziren gizonak taldearen aurkezpenean, baina seigarren sailkatu ziren joan den astean.
Orioren gizonezko bigarren taldeak ere joan den asteko emaitza hobetu nahiko du ahalik eta talde gehien atzean uzteko eta jaitsiera postutik aldentzeko. Iaz lortu zuen mailaz igotzea, eta horri eutsi nahiko dio.