Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024

Herritarrak ari dira Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan bozkatzen

Erredakzioa 2024ko eka. 9a, 11:50

Herritar bat botoa gaur ematen Orioko udaletxean. (Onintza Lete Arrieta)

Urola Kosta eskualdeko 58.315 herritar daude bozkatzera deituak, eta 09:00etan hauteslekuak zabaldu dituztenetik ari dira joan-etorrian.

Europako Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak dira gaur, eta herritarrak ari dira beren botoak ematen hauteslekuetan, ondorengo lerroetan ikus daitekeenez:

      • Aia eta Orio

    • Azkoitia

      • Azpeitia

    • Zarautz

    • Zumaia

09:00etan zabaldu dituzte ateak, eta 20:00 arte izango dute bozkatzeko aukera. Urola Kosta eskualdean 58.315 herritarrek izango dute botoa emateko eskubidea. Aian 1.562 herritar daude bozkatzera deituta, 566 Aizarnazabalen, 8.499 Azkoitian, 11.375 Azpeitian, 110 Beizaman, 447 Errezilen, 2.150 Getarian, 4.551 Orion, 18.436 Zarautzen, 2.780 Zestoan eta 7.839 Zumaian.

Emaitzak ohi baino beranduago emango dituzte, herrialdeen arteko ordu desberdintasunak tarteko. Hala, 23:30 aldera jakingo dira emaitzak. Ohi bezala, hauteskunde egunaren jarraipena egingo du Gukak: hain justu, parte hartze datuak emango ditu, eta gauean zenbaketa datuen infografiak ikusgai izango dira webgune guztietan. Hauteskundeen inguruko albiste landuagoak astelehenean argitaratuko ditu webguneetan, eta asteartean Guka egunkarian.

720 eurodiputatu

720 eurodiputatuk osatuko dute Europako Parlamentua; aurreko legegintzaldian baino hamabost gehiagok. Hala, Euskal Herriko herritarrek Espainiako Estatuko 61 eurodiputatuen eta Frantziako Estatuko 81 diputatuen artean izango dituzte ordezkariak. Hautagaitzei dagokienez, Espainiako Estatuan 33 izango dira. Esaterako, EH Bildu Orain Errepublikak koalizioan aurkeztu da hauteskundeetara, ERC, BNG eta AraMes taldeekin batera. EAJk, bere aldetik, zerrenda bat osatu du Coalicion Canariarekin batera, Coalicion por una Europa Solidaria (CEUS) izena daramana.

Espainiako Estatu mailako alderdiak ere izango dira, hala nola PP, PSOE, Podemos eta Sumar. Guztira, Europako Batasuna osatzen duten 27 herrialdeetako 450 milioi herritar inguru daude igandean bozkatzera deituta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide