Epailearen aurrean deklaratuta, auziak zer bide jarraituko duen jakiteko zain gelditu dira grebalariak

Urtzi Oteiza eta Aitziber Arzallus 2024ko eka. 5a, 15:00

Azaroaren 30eko greba feministaren baitan desordena publikoa eragitea egotzita deitu dituzte deklaratzera. Epaitegietatik irten direnean, herritarrei eskerrak eman dizkiete helarazitako babesagatik, eta zaintza sistema publiko eta komunitario bat garatzearen aldeko ekimenean lanean jarraitzeko asmoa berretsi dute.

Gaur goizean Azpeitiko Epaitegietan izan dira azaroaren 30eko greba feministaren harira deklaratzera deitutako hiru grebalari zumaiarrak. Desordena publikoa eragitea egozten diete hirurei, eta behin epailearen aurretik pasatuta, haren erabakiaren zain gelditu dira. Hark erabakiko du auziak zer bide judizial egingo duen, eta gaur deklaratzera deitutako hirurek epaiketa bati aurre egin beharko dioten ala ez. Txarrenera, sei hilabete eta hiru urte bitarteko espetxe zigorrak jasotzeko arriskuan leudeke. Oraingoz, ordea, ez dago aurreikusterik epaileak zer erabakiko duen, eta erabakiaren berri noiz izango duten ere ez dakitela adierazi dute epaitegietatik irten direnean.

Hiru grebalariak 10:00ak jotzeko minutu batzuren faltan iritsi dira Azpeitiko Epaitegietara, eta ordurako eskualde guztiko dozenaka lagun zeuden epaitegietako atarian, hiru kideei babesa adierazteko Zumaiako Mugimendu Feministak egindako deiari erantzunez. Barkatu eragozpenak, zaintza sistema eraldatzen ari gara zioen pankartaren atzean egon dira 11:00ak arte, deklaratzera deitutako hirurak atzera epaitegietatik kanpora irten direnera arte hain zuzen, eta txalo artean hartu dituzte haiek.

Deklaratzera deitutako hiru kideak "lasai eta inpresio onarekin" atera dira epaitegietatik; hala adierazi du haietako batek, Miren Osa Galdonak. "Ondo joan dela esango nuke, guk geurea defendatu dugu, eta besterik gabe". Herritarrengandik jasotako babesarekin "oso eskertuta" daudela esan du, berriz, Maddi Gallastegik; epailearen aurrean deklaratu du hark ere. "Eskerrak auzibidea bera salatu duten guztiei, eta bakarrik esan berretsi egiten garela zaintza sistema komunitario bat garatzearen aldeko ekimenean, eta horretan lanean jarraituko dugula".

Borrokan jarraitzeko deia

Zumaiako Mugimendu Feministak, bere aldetik, "babes osoa" adierazi die hiru kideei. "Iazko udazkenean lanaren banaketa sexual eta arrazista amaitzearen, herri boterea eta gobernantza eredu berriak eraikitzearen eta zaintza sistema publiko komunitarioa garatzearen alde hartu genituen kaleak Hego Euskal Herrian. Eta hara non sukalde lanetik harago, etxeak zaintzetik harago, asanbladetan parte hartu eta horiek dinamizatzeaz gain, lehen lerroak hartu ditugun, mobilizazioetara deitu, lantegiak itxi eta errepideak moztu ditugun. Gauzak aldatzeko xuabe eta 'dagokigun bezala' eskatzeaz aspertu ginelako, erroko aldaketarik ez delako lortu horrela, inon, inoiz. A8 autobidea kolapsatu genuen aski dela esateko, gure bizi baldintzen prekarizazioaren kontura dirua metatzea eta horretarako oztopotzat dituztenak paretik kentzea beste helbururik ez duten nekropolitiketaranzko autopistarik ez dugulako behar. Parez pare egongo gara, normalitatearen autobideak mozten segiko dugu gure bizitzen eta erabakien jabe izan nahi dugula erabaki dugulako".


Hain zuzen ere, azaroaren 30ean, goizaldera, dozenaka lagunek Arroan autobideko irteera moztu zuten eserialdi bat eginez, eta horren ondorioz, auto ilara luzeak sortu ziren A8 autobidean, Zumaia eta Zarautz artean. Ertzaintzak han identifikatu zituen gaur epailearen aurrean deklaratu duten hiru kideetatik bi; Miren Osa Galdona, berriz, eguerdiko eta iluntzeko mobilizazioen informazio orria bidali izanagatik deitu dute deklaratzera. Hirurei desordena publikoa eragitearen delitua egozten diete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide