"Konexio bat sentitu genuen bostok elkartu ginenean"

Intza Trula eta Urtzi Oteiza 2024ko mai. 29a, 11:17

Maiatzaz geroztik entzungai daude Aizarnazabalen entseatzen duen Sarean taldearen lehen bi lanak plataforma digitaletan. Gorka Mendizabal (Zarautz, 1985) eta Aritz Uranga (Zarautz, 1980) dira taldekideetako bi.

Gorka Mendizabalek, Aritz Urangak, Mattin Aizpitartek, Juan Tenak eta Joseba Azkuek osatzen dute Sarean, Aizarnazabalgo musika taldea. Mendizabalen eta Urangaren aburuz, "guztiz gustu ezberdinak" dituzten bost lagun elkartu ditu proiektuak: elkar ezagutzean "konexio" bat sentitu zutela diote, "denbora askoren ostean". Kalean dira lehen bi singleak: Sexuaren erregina eta Nahier, eta oraingoz plataforma digitaletan bakarrik entzun badaitezke ere, zuzenekoekin hasteko asmoa agertu dute.

Noiz eta nola elkartu zen Sarean taldeko boskotea?

Aritz Uranga: Duela urtebete inguru hasi ginen elkartzen Juan Tena, Joseba Azkue eta ni, eta geroago batu zitzaizkigun Gorka Mendizabal eta Mattin Aizpitarte. Beraiek sartzearekin batera pieza guztiak elkartu zirela esan dezakegu.

Gorka Mendizabal: 2023ko urrian hasi nintzen ni, eta beranduxeago egin zuen Aizpitartek. Ordutik ari gara taldeari forma ematen.

Nondik dator taldearen izena?

A. U. : Bostok batu ginenean konexio bat sentitu genuen; elkartuta geundela sentitu genuen denbora askoren ostean. Taldeko kide guztiok esperientzia pertsonal asko izan ditugu, eta bat egin genuela sentitu genuenean eta konektatuta geundela ikusi genuenean konturatu ginen Sarean izena ondo zetorkiola taldeari.

Dagoeneko bi abesti kaleratu dituzue: Sexuaren erregina izan zen lehenengoa. Honela dio abestiak: "Zurekin hegan egin nuen, gau osoan geratu gabe". Nori abesten diozue?

A. U. : Hitz horiek nik sortutakoak dira, duela urte dezente. Garai batean bizi izan nuen esperientzia pertsonal baten ondoren idatzi nuen, harreman luze bat eta gero, hain zuzen. Izan ere, hortik irtetea nahiko traumatikoa izan zen niretzat. Horren ondoren, guztiz ezberdina den pertsona bat ezagutu nuen, bide guztiz ezberdin batetik eraman ninduena. Abesti honek momentu horretako esperientzia bat kontatzen du, eta uste dut izenarekin berarekin ulertzen dela zer esan nahi dudan. Nolabait esateko, harreman intentso horren hasiera deskribatzen du, baita nola amaitu zen ere.

Nahier du izena bigarren abestiak, eta Malen Emezabal musikari zumaiarrarekin batera egin duzue. Nola otu zitzaizuen ideia eta zer moduzkoa izan da esperientzia?

G. M. : Jurgi Taboadarekin grabatzen ditugu abestiak, Ozen estudioan. Taboadak kontaktu asko ditu eta jende asko ezagutzen du, eta haren bitartez, Malen Emezabalekin harremanetan jartzea lortu genuen. Emezabalek sekulako ukitua eman dio lanari, eta oso gustura aritu gara guztiok elkarrekin. Gainera, Ozen estudioa oso txikia da, oso familiakoa.

A. U. : Emezabalek abestia bete du. Kantari soka batzuk sartzeko gogoa genuen, eta lokalean pare bat buelta eman ondoren, Emezabalekin hitz egitea erabaki genuen. Oso gustura gaude emaitzarekin, eta beraiekin izandako harremana motza izan bada ere, oso pozik gaude bizitako guztiagatik.

Zer nolako feedback-a jaso duzue publikoarengandik?

G. M. : Feedback-a ona ari da izaten. Ez dugu ezer txarrik entzun, eta hori seinale ona da [barreak]. Esango nuke abestiak nahiko atseginak direla, entzungarriak, eta nire gurasoei, behintzat, asko gustatu zaizkie. Aurrekoan, gure abesti bat entzun nuen kalean nengoela, eta albora begiratzean ikusi nuen nire aita zela autoan abestia jarrita zuena. "Abestia ona da, e!", esan zidan.

A. U. : Familiakoengandik, lagunengandik eta lagunen lagunengandik jasotako iruzkinak, oraingoz, onak izan dira.

G. M. : Gainera, abestiak plataforma digitaletan daude entzungai, eta bertan ikus dezakegu zenbat jendek entzun dituen. Zenbakiak gorantz doazela ikusten ari gara.

Abestiak Ozen estudioan grabatzen dituzuela aipatu duzue. Epe motzean lan berriak kaleratuko al dituzue?

G. M. : Nik uste dut baietz, baina pixkanaka goaz, ez baitugu gehiegi larritu nahi. Gaur egun musika mundua asko aldatu da: lehen, estudiora joan, hamar abesti grabatu, masterizatu eta kaleratu egiten ziren. Uste dut gaur egun ez dela horrela egiten. Singleak kaleratzen dituzte artistek, apurka-apurka jendearengana hurbiltzeko. Guk ere pixkanaka joateko asmoa dugu, bai guregatik eta baita entzuleengatik ere. Zuzenekoak prestatzen ere bagabiltza.

Punk-poparen eta pop-rockaren arteko nahasketa entzun daiteke zuen lanetan. Baina zuek nola deskribatuko zenukete egiten duzuena?

G. M. : Estilo ezberdinak ditugun jendeak osatzen dugu Sarean. Abestiek rock puntu bat dute, melodikoak ere badira, heavy metal puntu bat ere badute… Nahasketa bat gara.

A. U. : Gustu oso ezberdinetako jendea gara. Normalean, konposkaetak gitarristak egiten ditu, eta berak rock ukitudun abestiak egin ohi ditu. Ondoren, ordea, gainerakoon gustuen arabera lantzen ditugu.

G. M. : Gure kasuan, estiloa definitzea oso zaila da.

Funtsean, nahasketa horrek ematen dio xarma taldeari.

A. U. : Nahasketa horrek asko laguntzen du jendea ez aspertzen. Talde batzuk estilo batean zentratzen dira, eta abesti guztiek antzekotasuna izaten dute. Esango nuke gure abesti guztiak nahiko ezberdinak direla, bai onerako, baita txarrerako ere. Batzuei gustatuko zaizkie, eta beste batzuei ez.

Plataforma digitaletan entzun daitezke zuen abestiak, baina zuzenekoak prestatzen ari zarete. Aurrera begira, zer asmo ditu Sarean taldeak?

G. M. : Abesti batzuk eginda daude, eta orain, talde modura forma eman nahi diegu: abesti guztiak zuzenean jotzea gustatuko litzaiguke. Kontzertuak ematen hasi nahi dugu poliki-poliki, baita abesti gehiago ateratzen joan ere. Halere, ez dugu helburu finkorik. Gure musika ezagutarazi nahi dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide