Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 21ean izango dira, eta egun horren atarian EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko, Elkarrekin Podemoseko eta Sumarreko lehendakarigaiak nahiz hautagaiak elkarrizketatu ditu etxe honek, Urolako Komunikazio Taldeak (UKT), Gipuzkoako euskarazko tokiko telebistekin elkarlanean.
Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia, Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaia, Denis Itxaso PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburua, Miren Etxebeste Elkarrekin Podemosen Gipuzkoako bigarren hautagaia eta Andeka Larrea Sumarren Gipuzkoako zerrendaburua elkarrizketatu ditu Txomin Madina Goienako kazetariak. Hain justu, Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiari eginiko elkarrizketa ikusi ahal izango da gaur, 22:00etan.
Madinak gidatuta, alderdi bakoitzeko hautagaien iritziak zein proposamenak entzun eta ezagutu ahal izango dituzte herritarrek gaurtik datorren asteazkenera bitartean —larunbatean eta igandean ez—, 22:00etatik aurrera. Elkarrizketak tokiko Guka webguneetan —Baleike, Karkara, Maxixatzen, Uztarria eta Zarauzko Hitza—, Urola Kostako Hitza Gukan eta Erlo Guka Telebistan jarraitu ahal izango dira.
Honako hemen elkarrizketen egutegia, egunez egun:
- Apirilak 11, osteguna: Imanol Pradales (EAJ)
- Apirilak 12, ostirala: Pello Otxandiano (EH Bildu)
- Apirilak 15, astelehena: Denis Itxaso (PSE-EE)
- Apirilak 16, asteartea: Miren Etxebeste (Elkarrekin Podemos)
- Apirilak 17, asteazkena: Andeka Larrea (Sumar)