Eguraldi txarra dela eta, Errege Magoen desfileen ibilbideak aldatu egin dituzte hainbat herritan

Onintza Lete Arrieta 2024ko urt. 5a, 10:52

Artxiboko irudian, Errege Magoak Zestoan.

Azkoitian, Arroabean, Getarian, Orion eta Zarautzen antolatzaileek erabaki dute ibilbideak aldatzea, edo zuzenean, ibilbiderik ez egitea gaur arratsaldeko ekitaldietan. Azpeitiko Udalak unean uneko egoeraren arabera hartuko ditu erabakiak.

Eguraldi txarra iragarrita zegoen gaurko, Errege bezperako, eta horregatik, hainbat herritan Errege Magoen desfileen ibilbideak aldatzea erabaki dute. Urola Kostan, horrela jakinarazi dute Azkoitiko, Getariako, Orioko eta Zarauzko kabalkaden antolatzaileek. Azpeitiko Udalak unean uneko egoeraren arabera hartuko ditu erabakiak.

Azkoitian, ohi baino ibilbide motzagoa egingo dute. Santa Klara komentutik abiatuko dira 19:30ean, eta Plazaberritik barrena, plazara iritsiko dira. Errege Magoek zaldiz egingo dute plazara arteko bidea, eta udaletxeko balkoira igoko dira haurrak agurtzera. Jarraian, plazatik parroki atarira oinez joango dira joango dira, Jesus haurra gurtzera. Aurrez, 16:30etik 18:30era, Errege Magoen pajeak eliza atarian egongo dira haurren gutunak jasotzen.

Arroabera trenez iritsiko dira Errege Magoak, 18:30ean, eta karrozetan eseri eta San Isidro kalera jaitsiko dira. Zati hori bakarrik egingo dute eta herritarrei eskatu diete mesedez ez igotzeko tren geltokiko bidera. Horrela, herritarrek San Isidro kalean egon beharko dute zain, Sakulupe tabernaren parean, eta danbor hotsekin harrera egin ostean, plazarako bidea denek batera egingo dute. Une horretan euria ari badu, Errege Magoek frontoian egingo dute geldialdia.

Azpeitiko Udalak, berriz, bi aukera ditu esku artean: alde batetik, aurreikusita bezala egitea ibilbidea; bestetik, ibilbidea laburtzea eta igerilekutik plazara arteko zatia bakarrik egitea. Ibilbidea laburtzea erabakiz gero, bozgorailuetatik emango du udalak horren berri. 19:00etan hasiko da kabalkada, eta ibilbide osoa eginez gero, 20:00ak inguruan iritsiko dira Errege Magoak plazara; ibilbidea laburtuz gero, lehenxeago. Kabalkadaren aurretik, 16:30 aldera, Lasaora joango dira Errege Magoak, eta, handik, parrokiara joan dira, txu-txu trenean. Parrokira 17:15 inguruan iristea aurreikusten da. Eguraldi txarra eginda ere, zati hori mantendu egingo dutela jakinarazi du udalak.

Orion, bat egin dute eguraldi txarrak eta herriko mutiko baten heriotzak. "Herritarrak une gogorrak" pasatzen ari direla jakitun direnez, urteroko dinamika eta ordutegiak aldatzea erabaki du Orioko Udalak, "Urkoren familia, lagun eta gertukoek egingo dioten agurra errespetatu eta babesteko. Elkar zaintzea da aurtengoan egin dezakegun oparirik ederrena", azaldu dute ohar bidez.

Hala, honakoa izango da egitaraua: goizean, Bizarzuri kiroldegian izango da erregeentzat gutunak jasotzen, 11:30etik 13:00etara. Erregeak, berriz, arratsaldez iritsiko dira herrira, eta zuzenean kiroldegian juntatuko dira herritarrekin, 19:30ean.

Getarian ere ez dute ibilbiderik egingo aurtengoan. Errege Magoak 18:30ean iritsiko dira herrira, baina ez dira San Anton menditik iritsiko herria zeharkatzeko. Aurten, Jaiotza Berdura Plazan jarriko dute, eta Errege Magoak ere hara iritsiko dira. Handik, zuzenean, udaletxeko aretora igoko dira, herritarrak agurtzera.

Zarautzen, azkenik, bi ibilbide dituzte prest gaur arratsalderako. 18:00etan da hitzordua. Euria baldin bada, Errege Magoek ondoko ibilbidea egingo dute:

  • Santa Ana egoitza
  • ⁠San Inazio kalea
  • ⁠Kale Nagusia
  • Musika Plaza
  • Kale Nagusia
  • Torre Luzea (Herodes)
  • San Frantzisko (eskuinerantz)
  • Herrikobarra (eskuinerantz)
  • Foruen Kalea
  • Lege Zaharren enparantza (Erregeen etorrera musikatua)

Euririk ez bada, berriz, ohiko ibilbidea mantenduko dute. Hauxe:

  • Bizkaia kalea
  • Agoueseko biribilgunea eta Araba kalea
  • ⁠Poligonoko auzoa
  • Gipuzkoa kalea
  • Villa Munda (banda sarrera)
  • Gipuzkoa kalea eta Kale Nagusia
  • ⁠Torre Luzea (Herodes)
  • Musika Plaza, San Inazio kalea eta Herrikobarra kalea
  • ⁠Foruen kalea eta Lege Zaharren enparantza (bertan Erregeen abestiak)
  • Ondoren: Zigordia kalea eta Musika Plaza eta Santa Ana egoitzan bukaera

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide