Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak hartzeko, dena prest

Mailo Oiarzabal 2023ko abe. 21a, 15:09

Aian atzo hartu zituzten Olentzero eta Mari Domingi. (Andrea Zipitria)

Gabon egunean egingo diete harrera eskualdeko herri gehienetan, baina batzuetan aurreratu egin dute Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera. Erregeak ere bidean dira.

Eguberrietako bisitari ezinbestekoak hutsik egin gabe etorriko dira aurten ere Urola Kostako herrietara. Errege Magoak ez dira guztietara iritsiko, baina bai Olentzero eta Mari Domingi. Hain zuzen ere, Gabonetako bikote ezagunena atzo iritsi zen Aiara, gaur Errezilen izan da, eta bihar Beizaman; eta gainerako herri guztietan igandean, Gabon egunarekin, egingo diete harrera. Kalejirekin, jai giroko ekitaldiekin, kantuan edota Gabon eskean, herri bakoitzean beren egitarauak prest dituzte; eta gehienetan, eskutitzak jasotzeko tartea ere hartuko dute Olentzerok eta Mari Domingik.

Urte berrian sartuta, berriz, Errege Magoak ere kalez kale ibiliko dira herri gehienetan. Kabalkadan aterako dira urtarrilaren 5eko iluntzean Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian. Azpeitira, aurten ere txu-txu trenean iritsiko dira Errege Magoak arratsaldean, Lasaotik abiatuta.

Aian eta Orion, Erregeen Karterua ere egun berean ibiliko da kalean gutunak jasotzen, Meltxor, Gaspar eta Baltasar iritsi aurretik; Zarautzen eginkizun bera izango du Bizar Zurik urtarrilaren 4an, eta egun horretan izango dira Erregeen laguntzaileak Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian ere, zakuak gutunez betetzeko.

Egitaraua, herriz herri

Hauek dira Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrerari zein Errege Magoen desfileei lotuta Urola Kostako herrietan antolatu dituzten ekintzak:

Aia

Abenduak 24

  • Gabon eskea, egun osoan: goizean baserriz baserri (09:00etan hasita), eta arratsaldean herrian (17:00).

Urtarrilak 5

  • 12:00. Ekain pailazoa, probalekuan.
    • Jarraian, Erregeen Karterua.
  • 19:00. Erregeen etorrera, herriko plazan.

Aizarnazabal

Abenduak 24

  • 09:00. Gabon eskea baserriz baserri, udaletxetik hasita.
  • Eguerdian, kalejira herrian zehar.
  • 18:00. Olentzeroren etorrera.

Urtarrilak 5

  • 18:30. Errege Magoen kabalkada. Goizean hasi eta 18:30 arte eskutitzak botatzeko aukera egongo da udaletxe azpian jarriko duten postontzian.
    *Oharra: Ezingo da kabalkadaren ibilbidean autorik ibili desfileak irauten duen bitartean. Gainera, Baltasar Etxabe kaleko zenbait aparkalekutan ezingo da aparkatu kalabalkada bukatu arte.

Azkoitia

Abenduak 24

  • 12:00-14:30. Olentzero eta Mari Domingi eliz atarian egongo dira, eskutitzak jasotzeko.
  • 12:30. Gabon kantak, Musika Bandarekin eta Iraurgi abesbatzarekin, Kontzejupean.

Urtarrilak 5

  • 16:30. Erregeen pajeek eskutitzak jasoko dituzte eliz atarian.
  • 19:30. Erregeen kabalkada.

Azpeitia

Abenduak 24

  • Olentzerori eta Mari Domingiri harrera:
    • 12:30. San Martin egoitzatik abiatuta, gurdi gainean kalejiran ibiliko dira Olentzero eta Mari Domingi, segizioarekin.
    • 13:00. Plazan, harrera ekitaldia, aurreskuarekin eta kantuekin. Gaztaina erreekin bertsoak ere kantatuko dizkiete.

Urtarrilak 4

  • 17:30. Erregeen pajeek eskutitzak jasoko dituzte Sanagustinpean.

Urtarrilak 5

  • 16:30. Errege Magoak Lasaora iritsiko dira, txu-txu trena hartzeko.
  • 17:15 aldera parrokiara iritsiko dira Erregeak, txu-txu trenean.
  • 19:00. Erregeen kabalkada, igerilekutik abiatuta. 20:00 aldera plazara iritsi, eta udaletxeko balkoira igoko dira Erregeak.

Beizama

Bihar

  • 18:00etan iritsiko dira herrira Olentzero eta Mari Domingi. Kolarpean herritarrekin hizketan eta kantuan aritu ondoren, Natur Eskolara joango dira, eta han jasoko dituzte gutunak.

Errezil

Gaur

  • Olentzerok, Mari Domingik eta Napo astoak San Martin herri eskolan igaro dute goiza. 09:30ean ikasle guztiekin elkartu eta festa egin ondoren, gelaz gela igaro dira, gutunak-eta jasotzeko.

Abenduak 24

  • 09:30. Guraso Elkarteak antolatuta, Goiko Plazan elkartu eta Gabon eskean ibiliko dira goiz osoan Artzallus bailaran.

Getaria

Abenduak 24

  • 18:00etan egingo diete harrera Olentzerori eta Mari Domingiri. Sahatsagatik jaitsiko dira biak, Lamia, Mari, Basajaun, Akerbeltz, Tartalo, galtxagorriak, ikazkinak, baserritarrak eta joaldunak lagun dituztela, eta Elkanoren monumentuan eta Harritarten elkartuko dira herritarrekin.

Urtarrilak 5

  • 18:30. Errege Magoak zaldi gainean jaitsiko dira San Anton menditik herrira, getariarren harrera jasotzeko.

Orio

Abenduak 24

  • 11:00. Kantu jiran ibiliko dira bi ikastetxeetako haurrak.
  • 18:00. Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera herriko plazan, Lera taldeak antolatuta. Aurretik, txokolate jana izango dute, Arkuperen eskutik.

Urtarrilak 5

  • 11:00. Erregeen Karterua kalez kale ibiliko da eskutitzak jasotzen.
  • 18:00. Erregeen kabalkada. Zubitik kiroldegira egingo dute desfilea, udaletxean geldialdia eginda, danborradak lagunduta.

Zarautz

Abenduak 24

  • Egun osoko egitarauarekin ospatuko dute Santu Iturri plazan Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera:
    • 10:30. Eskulanak, Olentzerorentzat gutunak, puzgarriak, txistorrada eta abar.
    • 12:30. Herri kirolak. Harri jasotzen: Jakes Iruretagoiena Izeta V.a, Maddi Gesalaga, Naroa Arruti, Mikel Lopetegi Urra eta Xabat Olaizola. Aizkoran: Aritz Esnal Arrilla II.a eta Iñigo Landa.
    • 16:45. Iago magoa.
  • Ondoren, Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera.

Urtarrilak 4

  • 17:00. Bizar Zurik, Errege Magoen postariak, eskutitzak jasoko ditu Lege Zaharren Enparantzan; euria egiten badu, Gaztelekuan egongo da.

Urtarrilak 5

  • 18:30. Errege Magoen kabalkada, herrian zehar.

Zestoa

Abenduak 24

  • 13:00. Gabon kontzertua emango dute Musika Bandak eta Gabon koruak, udaletxe azpian.
  • 17:30. inguruan iritsiko dira Lau Iturrira Olentzero eta Mari Domingi. Musikarekin eta Gabon kantuekin egingo diete harrera han herritarrek, eta kalejiran ibiliko dira horrela, plazara iritsi aurretik. Plazan, olentzero egurrari su eman eta Dringilindron abestu eta dantzatuko dute; eta ondoren, eskutitzak jasoko dituzte Olentzerok eta Mari Domingik.

Urtarrilak 5

  • 18:30. Errege Magoak eta beren laguntzaileak Akoa aldetik iritsiko dira, kalez kale ohiko ibilbidea egiteko eta gozokiak banatzeko geldialdiak eginez.
  • 18:10. Autobusez iritsiko dira Errege Magoak Arroabera, Olaetako autobus geltokira.

Zumaia

Abenduak 24

  • Eguerdia bitartean, Niño Jesusen eskean ibiliko dira haurrak.
  • 12:30. Odietan hasita, Olentzerorekin kantuan eta Gomezagoren etorrera.
  • 17:30.
    • Gabon Korua, kalez kale.
    • Eusebio Gurrutxaga plazan, Gabon kanten lehiaketa, Erkibe kultur elkarteak antolatuta.
  • 18:00. Eusebio Gurrutxaga plazan, jaiotza ikuskizuna.

Urtarrilak 4

  • 18:00. Errege Magoentzako eskutitzak jasoko dituzte Eusebio Gurrutxaga plazan.

Urtarrilak 5

  • 18:30. Errege Magoen kabalkada.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide