Ohitura bilakatu da Urola Kostako hainbat udalerritan kirola eginez festa giroan bukatzea urtea. Hala, Urtezahar egunerako korrikarako hitzorduak jarri dituzte Aizarnazabalen, Azpeitian, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian. Toki gehienetan, gainera, adin guztietako herritarrei zuzendutako kirol festak izango dira.
Urterokoak izan arren, berrikuntzak ere txertatu dituzte zenbait kasutan. Esaterako, Azpeitian 22. edizioa jokatuko dute Xeye atletismo taldeak antolatuta, eta proba nagusiari lotuta, 6km, 6 esaldi, Ondo bukatu, hobeto hasi! lelopean egitasmo berria egingo dute. Lelo horri lotutako 90 esaldi bildu dituzte; orain, sei esaldi onenak aukeratuko dituzte, eta horietako bakoitza probaren kilometro puntu banatan jarriko dute. Gainera, sei esaldien egileek bi pertsonentzako afari bonu bana jasoko dute Azteko tabernetan afaltzeko.
Zumaian, berriz, korrika egiteaz gainera, ipar martxa edota patinetako probak prestatu dituzte Urtezahar egunerako.
Orion San Silbestre lasterketak urteroko ibilbidea izango du, baina Orioko Atletismo Taldeak azaldu duenez, izen ematean izango dira aldaketak: hilaren 30ean, 20:00etan, itxiko dute epea kronoak.com atarian, eta probaren egunean ezingo da izenik eman.
Lasterketak herriz herri
Herriz herri jokatuko dira Urtezahar egunean San Silbestre probak. Haur, gazte eta helduentzako lasterketak antolatu dituzte zenbait herritan.
Aizarnazabal
- 12:30. 12:00etan izen ematea eginda, 12:30ean hasiko da San Silbestre lasterketa. Udaletxe paretik hasiko dira korrika denak batera, Eskolazpitik pasatu eta Erreka kafetegiaren paretik berriro udaletxe aurrera joango dira. Partaideek gutxienez lau itzuli egin beharko dituzte eta gehienez zortzi. Bukaeran, parte hartzaile guztientzako pintxoak egongo dira.
Azpeitia
- 11:00. Proba inklusiboa egingo dute plazatik irten eta Alde Zaharreko kaleetan barrena.
- 11:30. 12 urtetik gorakoentzako 3 kilometroko proba egingo da, plazatik hasita.
- 12:00. Azpeitiko 22. San Silbestre lasterketaren hasiera, plazan. Sei kilometroko ibilbidea egingo dute parte hartzaileek. Agortuta daude aspalditik probarako ateratako 950 dortsalak.
Getaria
- 11:00-11:45. Lasterketarako izen ematea, plazan.
- 12:00. XVIII. San Silbestre lasterketa. 12:00etan, lasterketa irekia egingo dute, eta, ondoren, ohiko helduen probaren txanda izango da. Ohi bezala, parte hartzaileen artean sariak zozkatuko dituzte.
Orio
- 11:00. HH5etik beherako haurren proba: 150 metro.
- 11:10. LH1 eta LH2koen lasterketa, Sarasua erretegitik helmugara: 300 metro.
- 11:20. LH3 eta LH4koen proba: 600 metro.
- 11:30. LH5, LH6, DBH1 eta DBH2ko haur eta gaztetxoen proba: buelta txikia egin beharko dute, 1.700 metro.
- 12:00. Helduen proba: buelta txikia (1.700 metro) eta handia (3.300 metro) egin beharko dituzte; denera, 5.000 metro. Abenduaren 30ean, 20:00etan, itxiko dute proba nagusian izena emateko epea. Izena kronoak.com atarian eman behar da. Helduen lasterketan parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa izango da. 14 eta 15 urteko gaztetxoek ere parte har dezakete, baina horretarako ezinbestekoa izango dute haien gurasoek baimen orria betetzea. Aurrena sailkatutako gizon eta emakumeentzat sariak izango dira, eta beste hainbat opari zozkatuko dituzte.
Zarautz
- 17:00. Haurren proba, Musika Plazatik irtenda.
- 18:00. Helduen lasterketa, Musika Plazan hasi eta bukatuko da. Helmuga Kirolak dendan eman behar da izena, 5 euro ordainduta. Probaren egunean, berriz, 10 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzaileek. Lasterketako lehen hiru gizonak eta emakumeak sarituko dituzte, baita mozorro onena duena ere. Gainera, parte hartzaileen artean, Gabonetako hogei lote zozkatuko dituzte.
Zestoa
- 16:00-16:45. San Silbestreko probarako izen ematea. Doakoa izango da. Probaren bukaeran, parte hartzaile guztiek oparia jasoko dute.
- 17:00. Probaren hasiera. Hiru mailatan banatuko dira parte hartzaileak: 10 urte bitartekoak (200 metro), 11 eta 15 urte bitartekoak (kilometro bat) eta 16 urtetik gorakoak (hiru kilometro).
Zumaia
- 11:00. Haur eta gaztetxoen probak:
- LH1, LH2, LH3 eta LH4 mailetako haurren proba. Alondegiaren aurretik irten eta Eusebio Gurrutxaga plazara artean 250 metro egingo dituzte. Izena emateko txartelak ikastetxeetan banatuko dituzte.
- DBH1 eta DBH2ko gaztetxoen proba, aurrekoa bukatutakoan hasiko da. Eusebio Gurrutxaga plazatik Talaipe ingurura eta buelta egingo dute; 1.500 metro. Proban parte hartzeko izena kiroldegian eman beharko da. - 11:30. Ipar martxa. Gazte eta helduentzako, Eusebio Gurrutxaga plazatik hasita. 5.000 metroko ibilbidea izango da, eta izena kiroldegian eman behar da.
- 12:00. Patinetan lasterketa. Gazte eta helduentzako. Irteera Eusebio Gurrutxaga plazan izango du, eta 5.000 metroko ibilbidea egin beharko dute partaideek. Probarako izena kiroldegian eman behar da.
- 12:05. Helduen lasterketa. Proba orokorra. Eusebio Gurrutxaga plazatik hasi eta 5.000 metroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek. Izena kiroldegian eman behar da.