Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako udalek ez dute hemendik aurrera hondartzetako sorospen zerbitzua ordaindu beharko, atzo bertan Batzar Nagusiek onartu baitzuten Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartzea 25.000 biztanle baino gutxiago dituzten lurraldeko herrietako hondartzen kudeaketa integrala.
Beraz, Donostia kenduta, Gipuzkoan hondartza duten herri guztiei eragingo die onura erabakiak, tartean eskualdekoei –Zarautzek 23.118 biztanle zituen 2023ko urtarrilaren 1ean, Eustaten arabera–.
Hainbat udalek urteetan egindako eskaera zen kudeaketa osoa aldundiak bere gain hartzearena, eta hain justu, azaro hasieran aldundiko Gobernantza batzordean izan zen eskaera horri buruzko azalpenak ematen Haritz Alberdi Getariako alkatea. Orduan eskaeraren aldeko jarrera agertu zioten Alberdiri EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko eta Alderdi Popularreko ordezkariek –hein handi batean baita EAJkoak eta PSE-EEkoak ere–, eta atzo, oposizioko alderdi horiek aurkeztutako mozioa onartu zuten Batzar Nagusiek, bi botoren aldeagatik.
Mozioaren bitartez, Batzar Nagusiek aldundiari eskatu diote hondartzen kudeaketa integrala aldundiak bere gain hartzea 2024. urtea amaitu aurretik; sorospen zerbitzua modu integralean kudeatzea, hondartzen garbiketa zerbitzua bezala, kostako udalerriek zerbitzua baldintza berberetan eman dezaten, bainu egokituaren erabiltzaileei zuzendutakoak barne; eskualdaketa egin bitartean udalei diru laguntza handitzea, kostu osoa estali arte; eta kudeaketa horretan, biodibertsitatea babesteko Europako estandarrak errespeta ditzala.
Getariako alkatea, pozarren
Bozketaren ondoren, pozarren zen Alberdi: "Emozio ikaragarria sortu dit. Eskerrik asko hiru alderdiei herri txikiontzat guztiz injustoa zen egoera hau zuzentzen laguntzeagatik. Gure herritarrek merezi zuten albiste pozgarria izan da. Orain gure herritarren beharrei erantzuteko datozen lau urteetan 700.000 euro inguru gehiago izango ditugu herrian. Hori ikaragarria da!".
Beste herrietako ordezkariez ere gogoratu zen atzo Alberdi, eta aldundiari elkarlanaren aldeko mezua helarazi nahi izan zion: "Hondartzen kudeaketa integralerako gure ezagutza eta konpromisoa beti hor egongo dira, eta instituzio eta eragileen arteko elkarlana sustatzen jarraituko dugu".
Hedabide honek eskatu die albistearen inguruko balorazioa Orioko, Zarauzko eta Zumaiako udalei, baina oraingoz, ez dute adierazpenik egin Orioko eta Zumaiako udalek. Zarauzkoak, berriz, esan du gaiaren inguruko baloraziorik ez duela egingo oraingoz, "aldundiaren aurrekontuetan gai honetarako partida bat agertu arte ez delako ofiziala izango".