Bihar, larunbata, Azaroaren 25a izango da, hau da, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Hori dela-eta, gaur eskualdeko herri askotan atera dira adin guztietako ikasleak indarkeria matxista salatzera.
Azkoitian eta Azpeitian, esaterako, elkarretaratze bana egin dute Ikasle Abertzaleek deituta. Azkoitian, 10:30ean, hitzaldia eskaini dute Azkoitia BHIn, eta ondoren, elkarretaratzea egin dute ikastetxeko patioan, Indarkeria matxistaren aurrean, emakume langileon antolakuntza aldarri. Azpeitian ere hitzaldia izan da aurrena Azoka Plazako aretoan, eta ondoren egin dute bilkura plazan, Azkoitiko lelo berarekin. Gazte ugari elkartu dira bi hitzaldietan.
Kostako herrietan, berriz, urtero bezala, irakurketa bateratuak egin dituzte ikastetxe guztietako ikasleek elkarrekin, eta bertsoak ere abestu dituzte. Orion, aurtengoan Arrantzale kaleko parkearen aurrean elkartu dira guztiak, maiatzaren 16an Lourdes del Hoyo herritarra erail zuten tokian, alegia, eta handik joan dira plazara.
Gaur ikasleentzat bezala, bihar herritar guztietantzat daude deituta protestak.
Azaroaren 25eko protestak herriz herri
- Azkoitia.12:30ean, plazan, Itaiaren mobilizazioa Indarkeria matxistaren aurrean, sozialismoa eraiki lelopean.
- Azpeitia. 12:00etan, Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak lelopean, elkarretaratzea plazan, Mugimendu Feministak deituta. 13:30ean, Indarkeria matxistaren aurrean, sozialismoa eraiki lelopean, Itaiaren manifestazioa, plazatik abiatuta.
- Getaria. 19:00etan, plazan, Mariñak talde feministak antolatutako elkarretaratzea.
- Orio. 12:00etan, elkarretaratzea, Arrantzale kaleko parkean.
- Zarautz. 12:00etan, Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta, manifestazioa, Zarauzko Koordinadora Feministak deituta. 18:30ean, Lege Zaharren Enparantzan, Itaiak antolatutako mobilizazioa.
- Zestoa. 13:00etan, plazan, Itaiaren mobilizazioa Indarkeria matxistaren aurrean, sozialismoa eraiki lelopean.
- Zumaia. 13:00etan, Beheko Plazatik hasita, Zumaiako Mugimendu Feministaren manifestazioa.