Zestoako Arkeologia Astea hasiko da bihar, Zestoako Udalak antolatuta. Bihar eta hilaren 23an hitzaldi bana izango dira, eta datorren igandea azaroaren 26an, berriz, Antxieta arkeologia taldeak erakusketa jarriko du udaletxe azpiko arkupeetan.
Neandertalak Euskal Herrian izeneko hitzaldia emango dute bihar Joseba Rios eta Asier Gomez ikerlariek. Hainbat ikerketetan oinarrituta, orain arte neandertalei buruz izan den ustea ez dela hala azalduko dute. Riosek indusketa kanpaina emankorra zuzendu du Amalda-III haitzuloan (Altzolarats). Gomez, berriz, buru-belarri ari da lanean Zestoako Baioko aztarnategian: "Gipuzkoako faunarik zaharrena koba horretan dagoela da oraingoz dakiguna". Riosek eta Gomezek ikerketa eta argitalpen ugari egin dituzte elkarlanean.
Osteguneko solasaldia Zestoako ondare arkeologikoaren ingurukoa izango da, eta Iñigo Arizagak hitz egingo du. "Gure udalerrian dozenaka kobazulo eta aztarnategi dauzkagu. Paleolito garaikoak dira asko, baina baita Kalkolitiko, Brontze eta Burdin garaiko ugari ere. Batzuk oso ezagunak, beste batzuk oharkabean pasatzen zaizkigunak. Hitzaldiaren helburua gure ondarea gehiago ezagutzea izango da", adierazi dute antolatzaileek.
Zestoako Arkeologia Astea igandean bukatuko dute, Antxieta arkeologia taldeak udaletxeko arkupeetan jarriko duen erakusketarekin. Antxietakoek Zestoa inguruko aztarnategietan aurkitutakoaren berri emango dute informazio panelen bidez: "Azken urteetan aurkitutako aztarna bitxi ugari izango dira ikusgai".
Egitaraua:
- Azaroak 21, asteartea. 19:00etan, Alonderon.
Hitzaldia: Neandertalak Euskal Herrian. Hizlariak: Joseba Rios Garaizar eta Asier Gomez Olivencia. - Azaroak 23, osteguna. 19:00etan, Alonderon.
Hitzaldia: Zestoako ondare arkeologiko aberatsa: Ikuspegi orokor bat. Hizlaria: Iñigo Arizaga Arzelus. - Azaroak 26, igandea. 11:00etatik 15:00etara, udaletxeko arkupeetan.
Erakusketa: Historiaurrea Zestoan eta inguruko bailaretan, Antxieta arkeologia taldearen eskutik.