A30 greba feminista orokorra

Zaintza sarea proiektuz osatuz

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko aza. 16a, 12:30

Zaintza eredu berria aldarrikatuko dute azaroaren 30ean, "publikoa eta unibertsala". Zerbitzu horren osagarriak izan daitezkeen egitasmo komunitarioak ere izan dira Urola Kosta eskualdean.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak greba feminista orokorra deitu du azaroaren 30erako, eta egun horretan "pertsona guztiek bizitza osoan zehar zaintzeko eta zainduak izateko duten eskubidea" aldarrikatuko dute; zaintza eskubide kolektiboa, alegia. Baina zer da zehazki azken egunetan bolo-bolo dabilen kontzeptu hori? Galdera horri erantzun eta grebarekin eskatu nahi den zaintza eredu berriaren inguruan hausnartu dute Orioko greba feminista batzordeko kide Esther Arrutik eta Leire Iturraldek. Gainera, zaintza arloan administrazio publikoaren eta eragileen artean martxan jarritako bi proiektu komunitario ere izan dituzte hizpide horietan parte hartu duten hiru lagunek: Orioko Zaintza Sareko boluntario Andoni Urangak eta Errezilgo Tipi Tapa taldeko kide Mari Tere Bengoetxeak eta Maria Jesus Galarragak.

Gaia kokatzeko, Arrutik uste du argi izan behar dela zaintzak gizartearentzat duen garrantzia. "Bizitzako hainbat etapatan, jaiotzen garenetik hil arte, zainduak izateko beharra izango dugu, eta guk aldarrikatzen dugu zaintza hori modu duin batean egin ahal izatea. Guztiok ditugu senideak ospitalean, adinekoen egoitzetan edo etxeko asistentzia jasotzen, eta zerbitzu hori kalitatezkoa izatea aldarrikatu nahi dugu". Horretarako, zaintza lanen "banaketa parekidea" eskatzen dute, hau da, emakume zein gizonek horren ardura har dezatela modu parekide batean. Iturraldek datu esanguratsua eman du ildo horretan: "Zaintza lanen %70 emakumeen gain daude, eta desberdintasun handia sortzen du horrek emakumeen eta gizonen artean".

Zaintza sistema publiko bat eraikitzea ere "behar-beharrezkotzat" jotzen dute. "Eraiki hitza erabiltzen dugu gaur egungo sistema ez delako nahikoa eta gainbeheran dagoelako. Horregatik, greba feministako leloak honela dio: Zaintza irauli, guztia aldatzeko", zehaztu du Arrutik.

Azken urteetan "zaintza sistema pribatizatu" egin dela ere nabarmendu dute, eta horrek "lan prekarietatea eta zerbitzuaren kalitatean beherakada" eragin dituela. "Egun Hego Euskal Herrian zaintza zerbitzuen %12 bakarrik kudeatzen du sistema publikoak, eta gainontzekoa pribatizatuta dago. Errotik aldatu behar dela uste dugu hori; pribatizazioarekin amaitu behar da eta administrazioek izaera publikora itzuli beharko lituzkete zaintza zerbitzu horiek guztiak".

Proiektu komunitarioak

"Zaintza sistema unibertsala eta publikoa" izango da eredu berriaren oinarrian, eta horren osagarri, administrazio publikoek, eragileek eta elkarteek elkarlanean abiatutako proiektu komunitarioak ere baliagarriak izan daitezkeela uste dute. "Zaintzeko eta zainduak izateko eskubide hori errealitate bihur dadin, elkarren artean osagarriak diren proiektuak jar daitezke martxan. Arlo horretan faktore sozialek, ekonomikoek eta politikoek eragiten dute. Administrazio publikoak zaintza bermatu behar du, eta eragileek zerbitzu horren osagarri diren egitasmoak abia ditzakete. Garrantzitsua da arlo horretan indarrak batzea eta ikuspuntu desberdinak kontuan hartzea, administrazioak askotan ez dituelako kontuan hartzen gizartean eman daitezkeen egoera zaurgarri guztiak", azaldu du Iturraldek.

Administrazio publikoen, eragileen eta elkarteen arteko elkarlanaren adibide da 2020an Orion martxan jarri zuten Zaintza Sarea. "2020an gizartea larrialdi krisi batean murgildu zen koronabirusaren izurritearen eraginez. Euskal Herrian lehen kasuak agertu zirenean, herritarren artean beldurra zabaldu zen, eta batez ere adineko pertsonak eta egoera zaurgarrian zeuden herritarrak ziren kezkatuen zeudenak. Horregatik, kalera ahalik eta gutxien atera zitezen, Orioko Udalak erabaki zuen esku hartzea eta Zaintza Sarea abiatzea arrisku taldeetako parte ziren herritarrei laguntzeko", azaldu du Andoni Uranga gaztetxeko kideak eta Zaintza Sareko boluntarioak. "Udala harremanetan jarri zen herriko hainbat eragilerekin proiektua abian jartzeko. Gaztetxeak bezala, egitasmoan parte hartu zuten Txurrumuski aisialdi elkarteko, Xaltxerak talde feministako eta beste hainbat elkarteetako kideek. Gure eginbeharra zen Zaintza Sarearen erabiltzaileek behar zituzten enkarguak egitea".

Zaintza Sarea martxan jartzeko, boluntarioak 70 urtetik gorako oriotar guztiekin banan-banan jarri ziren harremanetan. "Zerbitzuaren berri eman genien, eta behar zutenerako laguntzeko prest geundela esan. Hasiera batean, jende askok erantzuten zigun bazituztela enkarguak egiteko familiartekoak, baina egitasmoa herrian zabaldu zen heinean, gero eta jende gehiago animatu zen, eta azkenean oso harrera ona izan zuen". Erabiltzaileek telefono zenbaki batera deitzen zuten enkarguren bat egiteko beharra zutenean. "Telefonoaren ardura zuen pertsonak boluntarioak antolatzen gintuen erabiltzaileen mandatuak egin genitzan, beharrezko babes neurriak errespetatuz". Izurrite garaiko hilabete zail horiek igarotzeko, erabiltzaileentzat ez ezik, boluntarioentzat ere "oso esperientzia aberasgarria" izan zela nabarmendu du Urangak, "erabiltzaileak oso eskertuta" zeudelako boluntarioek egiten zuten lanarekin.

Orioko Zaintza Sarea udalak eta eragileek abiatu zuten elkarlanean, eta Urangak uste du horregatik izan zela arrakastatsua. "Arrakasta izan zuen guztiek bat egin zutelako herritarren beharrei erantzuteko. Eragileak herrian eragin nahi du, eta horrelako programek oso eragin positiboa izaten dute. Horregatik, elkarlana behar-beharrezkoa da edozertarako". 

Erlazionatuak

Harremantzea eta elkar zaintzea du xede Tipi Tapak

Aiora Larrañaga Solaberrieta eta Maialen Etxaniz 2023 aza 16 Errezil

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide