Saiaz mankomunitateak duela urte batzuk Tipi Tapa egitasmoa jarri zuen martxan Errezilen, adinekoen artean ariketa fisikoa sustatzeko. Denborarekin, ordea, egitasmoa eraldatzen joan da, eta hasiera batean kirola egiteko proiektua zena, gaur egun adinekoak elkartzeko eta elkarren berri izateko espazio bilakatu da. Saiaz mankomunitateko kideek azaldu dutenez, adineko pertsonen alderdi emozionala "faktore garrantzitsua" da beren ongizaterako, eta saioetan parte hartzen duten adinekoek "elkarren artean harremanak egiteari eta zaintzeari garrantzi handia" ematen diote; horrez gain, eskolako haurrek ere parte hartzen dute egitasmoan, belaunaldien arteko harremanak sustatuz.
Mari Tere Bengoetxeak eta Maria Jesus Galarragak gertutik ezagutu dute egitasmoak izan duen bilakaera, eta proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte. "Hamabost egunetik behin, ostegunetan juntatzen gara, 10:30ean; hamabost bat lagun-edo biltzen gara, batzuk zaharxeagoak, besteak gaztexeagoak, eta baita eskolako haurrak ere. Eguraldiaren arabera, paseo txiki bat egiten dugu, baina helburua da gure artean kontuak esatea, bailarakoak eta herrikoak". Izan ere, Errezilen baserrietan sakabanatuta bizi dira herritar asko, eta zenbaitek kaleko berri izaten ez dutenez, paseo horiek aprobetxatzen dituzte eguneratzeko. "Hiru belaunalditako herritarrak biltzen gara, eta oso aberatsa da hori, haurrek ere gurekin egoteko aukera izaten dutelako. Gai askoren inguruan hitz egiten dugu gure artean, eta saiatzen gara herriko jakintza haurrei transmititzen. Galdetzen diegu: ‘Ba al dakizue zer den hori?’. Eta zuhaitz bat edo bestea, horien hostoak edo inguruan aurkitu ditzakegun belarrak aipatzen ditugu". Horretarako, eguraldi ona egiten badu, kalean ibiltzen dira, eta eguraldi txarrarekin, berriz, gune jakin bat bisitatzen dute. "Eskolara ere joan gara noiz edo noiz, eta kantuan hartu gaituzte; beste behin, jaialdiren bat ere eskaini ziguten", azaldu dute.
Bi emakumeen iritziz, egitasmoaren alderik interesgarriena "partaideen artean sortzen den harremana" da. "Beste modu batera elkartuko ez ginatekeen jendearekin biltzen gara. Hamabost bat lagun izaten gara, baina nahi dugu jende gehiago animatzea". Kanpotik Errezilera bizitzera joan diren zenbait ere Tipi Tapan parte hartzen ari direla azaldu dute. "Herria ezagutzeko eta komunitatearen parte sentitzeko modu bat da, bestela oso zaila delako belaunaldi desberdinetako herriko jendea ezagutzea".
Zaintza jomugan
Elkarren artean harremanak egiteaz gain, egitasmoak "elkar zaintzeko ere balio" duela adierazi dute. "Konfiantza giroa sortu da gure artean, eta elkarri laguntzen diogu ahal dugun heinean".
Hitzaldiak ere antolatzen ditu herrian Saiaz mankomunitateak zaintza eta osasuna oinarri hartuta, eta gaiaz hausnartzeko aukera izan dute Bengoetxeak eta Galarragak. Hala, herrian zaintza arloan abiatu diren zerbitzuek herritarren ongizatea hobetu dutela nabarmendu dute. "Lehen gure adinekoek etxean zaindu behar izaten genituen, inolako laguntzarik gabe. Orain, ordea, badaude eguneroko zaintza lan hori arintzen duten zerbitzuak, eguneko zentroa esaterako. Etorkizunari begira, gustatuko litzaiguke beharra duena bere etxean zaindua izan dadin baliabideak eskaintzea familiei".