Zaleak garaile gaur Kontxan

Onintza Lete Arrieta-Maialen Etxaniz 2023ko ira. 10a, 16:36

Goizean goizetik kolorez bete dira Donostiako badia inguruak, eta ez dira falta izan oriotarren horia, getariarren marroia, eta zumaiarren gorria. Zaleak nonahi, eta hiru herrietako txarangak arranplan zein inguruetan, arraunlariak animatu eta animatu. Ezbairik gabe, zaleek merezi izan dituzte gaur bi banderak.

Kontxako Banderarik ez dator gaur Urola Kostara –ikus hemen gaurko estropaden kronika–, baina gustura egoteko moduan dira Getariako, Orioko eta Zumaiako traineruak, banderak irabazita bezala ospatu dutelako Kontxako bigarren jardunaldia herri horietako zaleek, batez ere Getariakoek eta Oriokoek. Animatu ere, tope animatu dituzte arraunlariak goizean goizetik.

Ohi bezala, gaurkoan ere kolore horia izan da nagusi Donostiako badia inguruan. Paseo Berrian, esaterako, ia beste kolorerik ezin zitekeen ikusi. 10:00etarako tokia hartuta zuten askok, jan-edanak prest, eguerdira arte hantxe egoteko inora mugitu gabe. Handik pasatu dira emakumezko zein gizonezko arraunlariak, eta denei harrera beroa egin diete zaleek. Batzuek, hori bai, komeni baino petardo eta koloretako ke pote gehiago erabili dituzte une zehatz batzuetan. 

Getariarrak geroxeago gerturatu dira arraunlariengana, baina ez da falta izan musikarik, bandera astintzerik eta kantu eta oihurik Esperantza traineruaren alde. Alai-alai ibili dira aurrera eta atzera.

Gainera, momentu oso politak sortu dira arranplan, Getariako eta Orioko txarangek elkarrekin jo dituztenean pieza batzuk.

Xumeenak zumaiarrak izan dira; zale gutxiago ikus zitekeen bazterretan. Hori bai, haiek ere eraman dute txaranga, beren trainerua animatzeko. Denen artean, giro bikaina izan da nagusi beste urte batez Kontxan.

Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide