Egun garrantzitsua izan dute gaurkoan Orio, Getaria eta Zumaiako arraunlariek Donostian, Kontxako Banderaren lehia jokatu baitute. Emakumezkoetan Oriok hirugarren postua eskuratu du sailkapen nagusian; Zumaiak, berriz, zazpigarren postuarekin konformatu behar izan du. Gizonezkoei dagokionez, Orio bostgarren sailkatu da; Getaria, berriz, zazpigarren.
Telmo Deunen emakumezkoen trainerua izan da uretaratzen lehena, 11:00etan. Lehenengo txandan jokatu dute zumaiarrek, lehenengo kaletik. Oriotarrak, berriz, ohorezko txandan egin dute arraunean, bigarren kaletik.
Lan bikaina egin dute denboraldi honetan zumaiarrek, eta Kontxako Banderan lehiatzeko aukera sari handia izan da beraientzat. Aurreko astean lortutako emaitzen ondoren lehenengo txandan irten dira Telmo Deuneko arraunlariak, Hondarribia, Hibaika eta Kaikurekin batera. Kaiku eta Hondarribiak lehia bizia izan dute hasiera-hasieratik, eta, baita, Zumaiak eta Hibaikak ere. Hondarribiako traineruak lan ona egin du irteeratik, eta ziabogaren ostean gainontzeko taldeei aurrea hartu eta haiekiko zuen tartea handitzea lortu du. Hori horrela, Hondarribia izan da lehenengo txandako garailea, baina horrek ez dio Kontxako Bandera eskuratzeko balio izan. Hondarribiaren atzetik heldu dira Hibaika eta Kaiku; azkena izan da, bestetik, Zumaia.
Orio, berriz, ohorezko txandan lehiatu da, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Tolosaldearekin batera. Hasiera ona izan dute emakumeek estropadan, baina une batetik bestera Arraun Lagunak taldeak hartu du aurrea, eta Orio eta Donostiarra atzean utzi ditu. Ziabogaren ondoren Arraun Lagunak denbora tartea handitzen joan da; azkenean lehenengo helmugaratzea lortu dute eta, beraz, bandera etxean geratu da gaurkoan. Bigarren helmugaratu dira Donostiarrak, hirugarren Orio, eta, azkenik, Tolosaldea.
Bestetik, gizonezkoen txanda 12:00etan iritsi da: Getaria, Ondarroa, Zierbena eta Cabo aritu dira lehen txandan, eta ohorezko txandan lehiatu dira Orio, Hondarribia, Urdaibai eta Donostiarra. Sorpresa izan da gizonezkoetan; izan ere, Ondarroak epez kanpo aurkeztu du taldea, eta estropada jokatu badu ere, bere denborak ez du balio izan.
Lehenengo txandari dagokionez, Zierbenak estropada hasi bezain laster hartu die aurrea gainontzeko traineruei, eta lehenengo postu hori mantentu du estropada osoan zehar. Zierbenakoak izan dira txandako garaipena lortu dutenak baina, lortutako denbora ez da bandera lortzeko aski izan. Zierbenaren ondoren helmugaratu dira Cabo, Getaria eta Ondarroa.
Kontxako Banderako lehenengo jardunaldian egindako lan bikainaren ondoren ohorezko txandan lehiatu da Orio, Urdaibai, Hondarribia eta Donostiarrarekin batera. Urdaibai estropadaren hasieratik jarri da lehenengo postuan, eta pasa den asteko denbora tartea bikain baliatu du gaurkoan Kontxako Bandera eskuratzeko. Ziabogan beraiek izan dira lehenak; atzetik igaro dira Hondarribia, Orio eta Donostiarra.
Bigarren luzean Urdaibaik lehenengo postuari eutsi dio eta, lehenengo txandan lehiatu duen Zierbenarekin lehia izan du denborarik onena eskuratzeko. Azkenean, esan bezala, aurreko astean lortu zuten denborari esker bermeora joan da aurtengo Kontxako Bandera. Urdaibairen ondoren helmugaratu da Hondarribia; hirugarren, Donostiarra, eta, azkenik, Orio. Hori horrela izanik, sailkapen nagusian bostgarren postuan amaitu du Oriok.
Emakumezkoen sailkapen nagusia:
- Arraun Lagunak: 21:01.14
- Donostiarra: 21:10.50
- Orio: 21:19.22
- Tolosaldea: 21:22.14
- Hondarribia: 21:54.80
- Hibaika: 21:55.88
- Zumaia: 22:07.10
- Kaiku: 22:15.16
Gizonezkoen sailkapen nagusia:
- Urdaibai: 38:30.66
- Zierbena: 38:42.29
- Hondarribia: 39:00.61
- Donostiarra: 39:05.53
- Orio: 39:08.29
- Cabo: 38:33.66
- Getaria: 39:46.02