Ez dute belakoan ahaztuko asteburu hau Zarautz Gesalaga Okelaneko arraunlariek. Atzo Sestaon bezala, gaur Astilleron bandera irabazi dute Zarautz Arraun Elkarteko neskek, eta iluntzean merezitako harrera egingo diete zaleek eta udal ordezkariek Lege Zaharren enparantzan, 20:00etan.
Kantabrian gaur goizean jokatutako ETE ligako estropadan lehia bizia egon da, eta hiru traineru helmugaratu dira lau segundoren barruan: Zarautz aurrena 10:45,20 denbora eginda, Zumaia bigarren 10:48,88 denbora eginda, eta Kaiku hirugarren, 10:49,33 denborarekin. ZAEko neskek lan bikaina egin dute garaipena lortzeko, eta zumaiarrek ez dute gutxiago egin, esku hutsik gelditu diren arren.
Sailkapenean elkarren jarraian
Bi garaipen hauei esker, sailkapen nagusian gora egin du Zarautzek, laugarren postutik hirugarrenera, eta 44 punturekin da. Dena den, Zumaiak tinko eusten dio bigarren postuari eta esku-eskura du lidertza ere –59 puntu ditu Kaikuk eta 57 Zumaiak–. Hurrengo asteetan ikusiko da aldaketak jarraitzen duen ala ez.
Hain zuzen, abuztuaren 5ean, larunbatarekin, izango dute hurrengo hitzordua ETEko traineruek, Ondarroan (Bizkaia), 12:00etan hasita.