Saretzen

Hazten, Gipuzkoako buru

Onintza Lete Arrieta-Aitziber Arzallus 2022ko aza. 29a, 12:00

Azken hogei urteetan, 2001-2021 artean, %15,9 hazi da Urola Kostako biztanleen kopurua. Gipuzkoan hazkunde handiena izan duen eskualdea da, eta 11 herrien artean, Orio eta Aizarnazabal hazi dira gehien: %38 eta %31, hurrenez hurren. Saretzen proiektuaren barruan landutako erreportaje honetan, demografia datuen puntu horri heldu dio HITZAk.

Baratze nahiz sastrakaz betetako lursail asko ordezkatu ditu porlanak azken urteetan Urola Kostako herrietan; batzuetan, besteetan baino gehiago. Datuen arabera, azken hogei urteetan, hau da, 2001-2021 artean, Urola Kosta izan da proportzioan biztanle gehien irabazi duen eskualdea Gipuzkoan: %15,9. Debabarrena eta Debagoiena hazi dira gutxien (%2tik behera) eta Urola Kostaren ondoren, Tolosaldeak jaso du biztanle gehien, %12 inguru. Donostialdea eta Bidasoa Beherea, berriz, %8 inguru hazi dira.

Porlanaren atzean, bizi berri bat hastera etorritako jendea ere badago. Urrunetik etorriko ziren batzuk, ondoko herritik edo eskualdetik, beste asko. Datuei erreparatuta, mugimenduak, Urola Kostan behinik behin, Euskal Herri barrukoak izan dira edo, hobe esanda, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa mailakoak, datuak Espainiako Estatukoak direlako eta, gainera, hor bereizita daudelako Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa.

Hogei urteko epean, Urola Kostako herri guztiek irabazi dituzte biztanleak, Beizamak eta Errezilek izan ezik (%26 biztanle gutxiago ditu Beizamak, eta %5 gutxiago Errezilek). Denen artean, bi herri hazi dira nabarmen: Orio eta Aizarnazabal. Kostako herriak 4.400 biztanle inguru zituen 2001ean, eta 6.000tik gora ditu orain. %38 hazi da bi hamarkadatan. Aizarnazabal ez da atzean gelditzen, %31 hazi baita. Duela hogei urte ez zen 600 biztanlera iristen, eta orain 800 inguru ditu. 

Dezenteko hazkundeak izan dituzte beste hainbat herrik ere: %18 hazi dira Aia eta Zumaia, %17 Getaria, %15 Azkoitia eta Zestoa, eta %13 Azpeitia eta Zarautz.

Hala, hogei urtean eskualdeak guztira 10.000 biztanle irabazi ditu, eta 76.000 pertsonatik gora bizi da egun Urola Kostan. 



Gaia gertuagotik lantzeko, Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkatearekin hitz egin du Hitzak. Herriak izandako hazkundea eta zerbitzu eskaintza bat al datozen galdetuta, bi zerbitzutan ikusten du zer hobetua: garraio publikoan eta osasun arretan. "Herrigunera sartzen den autobus zerbitzuak maiztasun gehiago izatea nahiko genuke, egunean gutxitan egiten baitu herrigunerainoko sartu-irtena". Gainerakoan, Euskotrenen zerbitzua ona dela uste dut, herriaren kanpoaldean orduero dituztelako autobusak bai kostaldera, bai Azpeiti aldera. 

Osasun arretari dagokionez, azaldu du medikua egunero egoten dela herrian, baina zerbitzua Getariarekin partekatzen dutenez, ordu batzuz bakarrik. "Medikuak oporrak dituenean, esaterako, mediku gabe gelditzen gara". Pediatrarik ere ez dute, baina hori "betiko borroka" da, eta aurreratu du jaiotza tasa beherantz hasiko dela "berriz ere", eta are zailagoa izango dela zerbitzua eramatea herrira.


Azpiegiturak eta zerbitzuak


Biztanleriaren hazkundearekin batera, edo horri lotuta, ezin aipatu gabe utzi Oriok eta Aizarnazabalek irabazi dituzten azpiegiturak. Garrantzitsuenak ez badira, garrantzitsuenetakoak, 2009. urteko azpiegitura bana dira bi herrien kasuan: Oriok AP-8rako sarrera-irteera zabaldu zuen Donostia aldera urte hartako abuztuan; eta Aizarnazabalek, Lauburu eraikina inauguratu urte hartako abenduan, hainbat zerbitzu hartzeko: medikua, liburutegia, kiroldegia, musika eta dantza eskola, bilera gelak... 

Hirigintzari dagokiona da beste puntu garrantzitsu bat. Azken bi hamarkadetan etxe andana egin da bi herrietan, eta horren harira, Arregik azaldu du plan orokorrean aldaketak egin dituztela azken urteetan. "Aurreko planean etxebizitza bakarrak egitea jasotzen zen, eta hori mugatu egin du udalak. Hemendik aurrera etxebizitza blokeak bakarrik eraikiko dira, herrigunearen bueltan kokatuta". Herriak hazten jarraitzeko tokia baduela uste du Arregik, eta gainera, etxe huts gutxi dagoela esan du. Aurreratu du etxebizitzak pixkanaka egingo direla, eta aurreikuspena dela hamar urteko epean 60 etxebizitza inguru eraikitzea. 

Hirigintzari eta etxebizitzei dagokionez, eskualdeko eraldaketa nabarmenenetakoa Oriok izan du azken bi hamarkadetan. Lehen eraikuntzarik ez zegoen hainbat puntutan eraiki dira etxebizitza blokeak–hondartza inguruan eta Munton, kasu–, eta Anuska Esnal Orioko alkateak apirileko elkarrizketa batean hedabide honi azaldu zionez, "ez da oso modu eredugarrian egin". Izan ere, "eraikitako etxeetan eta egindako auzoetan ez dago ia gune komertzialik, eta eraikinen beheko lokalak ere etxebizitzetara bideratu dira; horrek lotarako eremuak sortu ditu", iritzi dio.

Kontuak kontu, une honetan ere hainbat sustapen daude martxan. Tartean, alokairu sozialerako berrogeitik gora etxe. 


Hazkundearen arrazoiak


Herritarrak Aizarnazabalera eta Oriora bizitzera joatearen arrazoiez, bizi kalitatea azpimarratu dute bi alkateek. Arregik uste du Aizarnazabal herri lasaia eta baketsua dela, eta umeak hazteko oso toki ederra. "Herri txikia da, baina kostatik oso gertu dago eta dena eskura daukagu. Uste dut horrek erakartzen duela jendea". Etxebizitzak "beste herrietan baino merkexeago" egotea ere arrazoietako bat dela uste du. Gainera, 800 biztanleko herria izateko, zerbitzu asko dituztela uste du Arregik.

Esnalen ustez ere "bizi kalitate ona duen herria da Orio, eta hona etortzen diren herritarrak gustura bizi dira". Donostia eta Zarautz ondoan ditu, eta etxebizitzen prezioak haietan baino merkeagoak izateak jendea erakarri du, baita Orio haiekin "oso ondo komunikatuta" egoteak ere.

Datozen urteetan ere bizi kalitate on horri eustea izango da erronketako bat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide