Saretzen

"Aizarnazabal ondo dago komunikatuta eta lan aukera dezente dago"

Onintza Lete Arrieta 2022ko aza. 29a, 12:00

Joreleide Silva, etxean hartu duen ilobarekin. (Onintza Lete Arrieta)

Ia hogei urte daramatza Joreleide Silva brasildarrak Aizarnazabalen bizitzen. Herria hazten ikusi du, eta baita zerbitzuz hornitzen ere. "Herri xarmangarria eta oso lasaia" iruditu zitzaiolako gelditu zen bertan bizitzen.

Brasildarra zara. Nolatan bizi zara Aizarnazabalen?

Familiarentzat zerbait hobea nahi nuelako irten nuen Brasildik, neuk bakarrik. Hasieran Portugalera joan nintzen, eta han hilabete batzuk egin nituen. Ondoren, Aizarnazbalera etorri nintzen zuzenean, eta maitemindu egin nintzen herriaz.

Norbait ezagutzen zenuelako joan zinen zuzenean Aizarnazabalera?

Lagun bat hemen ari zen lanean, eta Portugalen nengoenean, galdetu zidan ea nahi nuen hona etorri eta berarekin bizi. Ni pozik, bestela Brasilera itzuli behar nuelako. Eta halaxe, ausardiaz, etorri nintzen, nik ez nuelako ez hitz bat ulertzen, ez beste inor ezagutzen hemen. Ondoren hiru lagun etorri zitzaizkidan eta baita alaba ere, eta gerora, seme-alaba eta biloba gehiago ere bai. 

Urte batzuk badaramatzazu Aizarnazabalen, ezta?

Bai, 2006an iritsi nintzen. Hementxe ezkondu naiz, gainera; senarra ez da aizarnazabaldarra, portugaldarra baizik, baina Aizarnazabalgo udaletxean ezkondu ginen. 

Esan duzu maitemindu egin zinela herriaz. Zergatik?

Herri xarmangarria iruditu zitzaidan eta oso lasaia. Azken urteetan dezente hazi da, gainera. Ni iritsi nintzenean 600 biztanle inguru ginen, eta ez zeuden hainbat zerbitzu: ez zegoen medikurik, liburutegirik, kirola egiteko gunerik... Hazten ari den herria dela iruditzen zait, eta merezi duela hemen bizitzea. Lana ere badago. 

Zuk esan bezala, azken hogei urteetan asko hazi da herria. Zergatik uste duzu joan dela horrenbeste jende?

Batetik, herria ondo komunikatuta dago, bai Zumaia eta Zarautz aldera, bai Zestoa eta Azpeiti aldera. Horrez gain, hemen lan aukera dezente dago.  

Herrian egiten duzu lan?

Bai, herriaren behealdeko lantegi batean. Iritsi nintzenean, nire aurreneko lana Uztarri tabernan izan zen, eta tabernako Ainara izan zen egin nuen aurreneko laguna ere. Gaur egun herritar guztiak ezagutzen ditut, nahiz eta denen izenak ez jakin. 

Aizarnazabalen bizi zara, bertan egiten duzu lan, bertan dituzu lagunak. Familia ere bai?

Inguruan ditut, batzuk herrian bertan eta beste batzuk Zestoan. Biloba bat 3 urterekin etorri zen Brasildik eta orain 18 ditu, eta beste hiru hemen jaioak dira. 

Etorkizunean ere hemen ikusiko duzu zeure burua, ala?

Hemen, hemen, bai. Etxea ere erosi dut, gainera. Eta, orain gutxi, Brasildik iloba ere ekarri dut [argazkikoa]. Alabatzat hartu dut legalki ekarri ahal izateko, eta gurekin bizi da, eta Zumaian hasi da ikasten. Nire etorkizuna, beraz, hemen dago, Aizarnazabalen. Brasilera itzuliko naiz, baina bisitan, nire lurra hau da orain. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide