Oribarzar eremuko errepidea Txurrukaren atzealdean egin ahal izateko lurren lagapena onartu du udalbatzak

Maddi Txintxurreta

Orioko udal hautetsiak urriko ohiko udalbatzarrean.

Espainiako Kosta Zuzendaritzak onartu du Oribarzar eremuko errepide berria eraisteko agindua duen Txurruka aterpetxearen atzean egitea, eta hori egin ahal izateko lurren lagapena aho batez onartu dute urriko ohiko udalbatzarrean. Halaber, Orioko Komunitate Energetikoa elkartea sortzea onartu dute.

Soka luzea duen eta eztabaida politiko ugari eragin dituen gaia soluziobidetik gertu utzi du gaur egindako urriko ohiko udalbatzarrak. Udalarena diren Oribarzar eremuko 1.600 hektareako lur zati baten erabilera Eusko Jaurlaritzari lagatzea onartu dute hautetsiek aho batez, eta beraz, Jaurlaritzak ordainduko du Txurruka aterpetxearen atzealdetik kofradia berrira joango den errepidea.

Sei urte atzera egin beharra dago gaur deslotze bidean jarri duten korapiloaren jatorria ezagutzeko. 2020an, EAJk Oribarzarko hondartza berreskuratzeko partida bat lortu zuen Espainiako Kosta Zuzendaritzako aurrekontuetan, eta erakunde horrek egindako proiektuak haserrea sortu zuen alderdi politikoen, herriko eragileen eta herritarren artean. Aterpetxea egin aurretik hondartzak zuen azalera berreskuratzea zen Kosta Zuzendaritzaren proiektuaren helburua, horretarako, ordea, gaur egun inguru horretan daude aterpetxea, errepidea eta zerbitzuen eraikina eraitsi behar direla ebatzi zuen. Hots, errepiderik eta zabalgunerik gabe utzi nahi zuen eremua. Halaber, bi dike eraikitzea jasotzen zuen txostenak, bata iparraldean, 18 metroko luzera izango lukeena, eta 60 metroko beste bat hegoaldean.

2023an, proiektu horri hainbat alegazio aurkeztu zizkioten udalak eta herriko zenbait eragilek, eta horiek onartu dituztela jakinarazi dute gaurko udalbatzarrean: batetik, bi dikeak eraikitzea baztertu dute, eta bestetik, kofradia berrira joango den errepide berria eraisteko agindua duen Txurruka atzean egitea onartu dute. Aterpetxe atzeko lurrak udalarenak direnez, horien erabilera Eusko Jaurlaritzari lagatzea onartu dute gaurko bilkuran, eta beraz, erakunde hori arduratuko da obra egiteaz eta finantzatzeaz. Oribarzar, beraz, ez da errepiderik gabe geldituko.

Anuska Esnal alkateak jakinarazi duenez, errepidea egin ostean jarriko lituzke martxan Kosta Zuzendaritzak eremua lehengoratzeko lanak.

Lurren lagapena aho batez onartu duten arren, gaiak eztabaida sortu du alkatearen eta Jon Basurko EAJko zinegotziaren artean. Azken horrek bere poza adierazi du Oribarzar lehengoratzeko emandako pausoarengatik, baina deitoratu du gaurkoa izan dela, "tamalez", bide horretan udalak eman duen "lehenengo pausoa". 

Hori horrela denik ukatu dio alkateak, eta Kosta Zuzendaritzaren proiektuaren aurka aurkeztutako alegazioak gogorarazi dizkio. Gainera, sei urtez luzatu den arazoaren jatorria EAJk Madrilen lortutako diru partida izan zela esan dio. "Lehenengo momentutik galdetu genizuen: dirua oso ondo dago, baina zertarako da? Geroztik, noraezeko urteak pasatu ditugu", leporatu dio Esnalek.

Energia komunitatearen sorrera

Energia trantsizioan salto berri bat eman eta Orioko Komunitate Energetikoa eratzea onartu dute aho batez udal hautetsiek gaurko udalbatzarrean. Azaldu dutenez, irabazteko asmorik izango ez duen eta elkarte izaera izango duen energia komunitate berriak trantsizio energetikoan gizartea eraldatzeko eta  kontzientziatzeko erronka izango du.

Energia komunitate berriak hainbat helburu izango ditu, besteak beste, honako hauek: iraunkotasun energetikoari laguntzea, udalerrian energia berriztagarria ekoiztea eta kontsumitzea sustatzea, karbono aztarna murriztea, energia berriztagarrietatik datorren energia kontsumoa sustatzea, komunitatea egitea, klima aldaketaren aurka borroka egitea, herritarrak energiaren aurrean ahalduntzea.

Lohitzune Solabarrieta EH Bilduren zinegotziak gogoratu duenez, aspaldi da udalak trantsizio energetikoaren aldeko politikak sustatzen dituela, adibidez, eguzki plaken instalazioa eta energia ez berriztagarrien kontsumoa gutxitzeko hartutako neurriak. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide