Udal eta foru hauteskundeak 2027

Orioko EAJk galdetegi bat banatu du etxez etxe, "herritarren kezka, behar eta proposamen nagusiak" ezagutzeko

Julene Sorarrain

Orioko EAJk udalerriko etxeetan banatu duen galdetegia. (Orioko EAJ)

Orio, entzun nahi zaitugu lelopean, Orioko EAJk "herriaren beharrak entzuteko" parte hartze prozesu bat jarri du abian. Etxez etxe banatutako galdetegiak hainbat arlo lantzen ditu, besteak beste, etxebizitza, merkataritza eta ostalaritza, mantentze lanak, irisgarritasuna edota udalaren funtzionamendua.

Orioko EAJk herritarrak entzuteko ekimena jarri du abian, udalerriko etxeetan galdetegi bat banatuz. Orio, entzun nahi zaitugu lelopean, herritarrak zerk kezkatzen dituen, zer jotzen duten lehentasunezkotzat eta datozen urteetan zer hobekuntza ikusi nahiko lituzketen ezagutzea da helburua.

"Proposatu aurretik entzun nahi dugu. Jakin nahi dugu herritarrak zerk kezkatzen dituen, zer botatzen duten faltan eta zer hobetu nahiko luketen Orion. Orioko etorkizuna egunero hemen bizi direnekin batera eraiki nahi dugu. Entzutea da lehentasunak ondo zehazteko eta herriaren beharrei erantzungo dieten proposamen errealistak egiteko lehen urratsa", adierazi du Orioko EAJk.

Galdetegiak hainbat arlo lantzen dituela azaldu du talde jeltzaleak, besteak beste, etxebizitza, enplegua, mugikortasuna eta aparkalekuak, merkataritza eta ostalaritza, garbiketa eta mantentze lanak, gizarte zerbitzuak, gazteria, adinekoak, irisgarritasuna, kirola, segurtasuna, kultura, euskara eta udalaren funtzionamendua. Era berean, Orion zer zerbitzu, espazio edo jarduera botatzen den faltan adierazteko aukera ematen du, baita herrirako proiektu edo hobekuntza zehatzak proposatzeko eta bestelako kezka edo ideiak partekatzeko ere.

EAJk azpimarratu du jasotako ekarpenak "oinarri" izango direla "lehentasunak zehazteko eta Orion bizi kalitatea hobetzera bideratutako proposamen zehatz eta bideragarriak lantzeko". Inkesta anonimoa da eta paperean edota online bete daiteke, esku orrian jasotako QR kodearen bidez. Paperean betetzen dutenek, Orioko Batzokiko (Ibai Ondo 2-3 behea) postontzian utzi beharko dute. Adinari, bizileku eremuari eta Orion bizitzen daramaten denborari buruzko galderak aukerakoak dira, eta herriko errealitate desberdinak hobeto ezagutzeko balioko dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide