Atzo barran arraste-ontzi bizkaitar batek izandako sutearen harira, Orioko Udalak oharra kaleratu du gaur, azalduz ontzia geldirik dagoela eta beharrezko babes neurriak hartu direla, "ingurunean isurketarik gerta ez dadin". Egoera "kontrolpean" dagoela ziurtatu du erakundeak, eta datozen egunetan prebentzio eta babes neurriak mantenduko direla, "ingurunea zaintzeko eta balizko isurketak saihesteko".
Halaber, Osasun Sailak helarazitako gomendioari jarraituz, "ez da gomendatzen hondartzan eta ontzia dagoen errio inguruan bainatzea". Gomendio hori prebentzio neurri gisa ezarri dela zehaztu du, "egoeraren bilakaera eta ingurumen baldintzak aintzat hartuta". Astelehenetik aurrera, ontzia berriz flotatzeko lanak hastea aurreikusten da, eta lan horiek irauten duten bitartean, ingurunea babesteko eta balizko isurketak prebenitzeko beharrezko neurriak hartzen jarraituko dela gaineratu du udalak. Segurtasun arrazoiak direla eta, ontzia dagoen eremurako sarbidea itxita egongo dela ere esan du, eta herritarrei eskatu die eremu horretara ez hurbiltzeko eta ezarritako segurtasun neurriak errespetatzeko.
Larrialdi plana, martxan
Hain zuzen, Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Bereziaren alerta fasea ezarri du Eusko Jaurlaritzak Orion, atzo eguerdiko barrako sutearen ondorioz. Gure Gascuña arraste-ontzian sua piztu zen, eta egun osoan aritu ziren hura itzali nahian. Arratsaldean, ontzia erdi hondoratu egin zen, eta uste dute erregai ihesa izan dezakeela.
Ontzia dagoen eremuan euste hesiak jarri dituzte, ihesik gertatuz gero erregaia uretan zabal ez dadin, eta suhiltzaile talde batek sutea itzaltzeko lanetan jarraitzen zuen atzo iluntzean. Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatea gau osoan egon da ur lamina zaintzen, itsasoa kutsatu ote den antzemateko.
Atzo bertan, larrialdi zerbitzuek eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak leihoak ixteko eskatu zieten Orioko eta Aiako herritarrei, kea herrigunera zabaldu baitzen, "keak eragin ditzakeen kalteak saihesteko". Aire zabaleko kirola eta hondartza zein errio inguruko jarduerak saihestea ere gomendatu zuten.