Albistegia

Su hartu du itsasontzi batek eta bi lagun erietxera eraman dituzte kea arnasteagatik

Onintza Lete Arrieta eta Gorka Eizagirre

11:30ean deitu dute larrialdi zerbitzuetara, barran,Txurrukako zabalgune parean konpontzen ari ziren Bizkaiko itsasontzi batek su hartu duela eta. Suhiltzaileak lehorretik nahiz uretatik aritu dira sua itzaltzen, eta hiru lagun artatu behar izan dituzte. Kea herrigunera ere zabaldu da, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak Aiako eta Orioko leiho guztiak ixtea gomendatu du, prebentzio moduan. 

Ondarroako (Bizkaia) Gure Gascuña arrasteontziak su hartu du gaur goizean Orion, barran, Txurrukako zabalgunearen parean. Han zeramatzan egun batzuk porturatuta, konponketa lanak egiteko, eta hain zuzen, lanean ari zirenean piztu da sua itsasontzi barruan. 

11:30ean deitu dute ontzitik larrialdi zerbitzuetara, eta suhiltzaileak, ertzainak, udaltzainak eta anbulantziak bertaratu dira. Han bertan hiru lagun artatu behar izan dituzte kea arnasteagatik, eta haietatik bi Donostia Ospitalera eraman dituzte. Lehorretik nahiz uretatik aritu dira sua itzali nahian, baina 12:30ean, artean sugarrak ikus zitezkeen. 

Kea herriko toki askotan nabaritu da, ipar haizeak barreiatu egin duelako, eta herriguneko zenbait tokitan usaina gogor nabaritu da. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak Aiako zein Orioko leiho guztiak ixtea gomendatu du, prebentzio moduan. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide