Iker Zabala entrenatzaileak indartsu ikusiko zintuen estropada guztietan zu ateratzeko...
Ligako araudiak dio estropada bakoitzean gutxienez harrobiko bost arraunlarik egin behar dutela arraun, eta agian, harrobikoen artean ni naiz besteengandik ezaugarri desberdinenak dituena, eta errazagoa da besteak ordezkatzea. Ikerrek estruktura bat du aukeratuta, eta beharbada horren onuraduna ni naiz. Noski, Ikerrek eman didan konfiantzagatik eskertuta nago, baina 22 gara taldean, eta gainerako 20 arraunlariek ere estropada guztiak jokatu izan balituzte, traineruaren emaitzak ez ziratekeen aldatuko. Talde lan perfektua izan da hau, emaitzak hor daude eta oso kontentu gaude.
Zer ezaugarri dituzu, bada, zuk, beste harrobikoengadik desberdinak?
Martxel [Aldai], Ugaitz [Astigarraga], Ibai [Lizarralde] eta Aritz [Lizarralde] arinagoak dira eta traineruaren aurrealdean nahiz atzealdean joan daitezke, baina ez traineruaren erdialdean; besteak estriborrak dira, eta ni ababorra, ez dira nire konpetentzi zuzena. Gainera, ni traineruaren erdialdean joaten naiz.
Taldekide gehiagok ere jokatu dituzte estropada guztiak ez badira, bai gehientsuenak...
Andres Medinak eta Adrian Gonzalezek [uruguaiarra eta kantabriarra] den-denak jokatu dituzte, baita Kontxako sailkapen estropada ere. Ander Zabalak ere denak jokatu ditu, asteburu honetako Bermeokoa izan ezik, gaixotu egin baitzen. Nire anaia Mikelek eta Beñat Egiazuk ere ia guztiak jokatu dituzte.
Iazkoa eta honakoa antzeko denboraldiak izan al dira zuretzat?
Nahiko antzekoak izan dira, bai. Iaz hiru estropada ez nituen jokatu, segidako hiru astetan, gainera, baina aukera asko heldu zaizkit, eta emaitzak zilegi, aprobetxatzen jakin izan dudala uste dut, nahiz lehen esan bezala, emaitza hauek ez izan nire meritua, talde lan oso on batena baizik.
Umetan hasiko zinen arraunean, ezta?
Infantiletako bi urteak futbolean egin nituen, nik futbolaria izan nahi nuelako. Aitak esaten zigun, dena den, bazekiela lehenago edo geroago arraunean hasiko ginela. Eta halaxe izan zen: 2013ko irailean hasi nintzen arraunean, 14 urte egitear nindoala, nahiko modu naturalean. Ordutik, hamahiru denboraldi burutu ditut klubean, lau urte harrobian, eta gero B ontzian. 2019ko Eusko Label ligako azken estropadan egin nuen debuta, eta 2020an A eta B ontzietan, bietan aritu nintzen. 2021etik, berriz, A ontzian eta ia estropada guztiak jokatzeko zortea izan dut.

Orion, beti.
Bai, txikitatik egin dut amets traineru honetan eta bandera hauen lehian ibiltzeko. Oraintxe, benetako pribilegiatua sentitzen naiz, eta hala segi nahi nuke.
Atzoko harreran, neska-mutil dezentek luzatu zizueten eskua. Zer esango zenieke ume haiei?
Norberak bere bideari segitzeko esango nieke, eta momentuan sentitzen duten hori egiteko, denerako denbora dagoelako. Noski, probatu nahi badute lasai probatzeko esango nieke, zalantzarekin ez gelditzeko. Horrez gain, esan nahiko nieke dena askotan ez dela horren polita, eta gu gaur hona iritsi bagara da lehen kolpe pila jasota ere, lanean jarraitu dugulako umiltasunez eta gogor. Askotan, gainera, kolpeek gehiago laguntzen dute hobetzen garaipenek baino. Gazteak gara, baina urte batzuk badaramatzagu hemen, eta urte batzuetan garaipen gutxi izan dugu. Horregatik, orain hau gehiago baloratzen dugu, badakigulako bandera bakar bat irabaztea zenbat kostatzen den. Pazientzia edukitzeko eta ondo pasatzeko ere esango nieke umeei, lana ondo egiteko eta entrenatzaileei kasu egiteko. Benetan lana ondo egiten duenari eta gogoa duenari, lehenago edo geroago bere aukera iristen zaio; polita litzateke atzo eskua eman zidaten haur haietakoren bat taldekide izatea hemendik urte batzuetara. Umetan idolo genituenen taldekide izan gara geu ere.
Gero eta ume gutxiago apuntatzen da arraunean, harrobiarekin gero eta arazo gehiago daude... Eztabaida asko sortzen duen gaia da, baita Orion bertan ere. Nola bizi duzue barrutik? Nahiko zenukete harrobiko gehiago traineruan?
Noski nahiko genukeela harrobiko arraunlari gehiago egotea traineruan, eta ezetz dioenak neurri batean gezurra esaten duela iruditzen zait. Herritar guztion ametsa edo ilusioa litzateke herriko hamalaurekin mailarik gorenean banderak irabazten aritzea, nahiz aitortu behar den ia ezinezkoa dela hori. Bestalde, gure adinean jende falta antzeman liteke, baina uste dut arazoa edo kezka nagusia umeen kategorietan dagoela. Haur askok utzi egiten dute urteak joan ahala, eta seniorretara iristen den arraunlari kopurua murritza da, garai bateko kopuruarekin alderatuta. Orio Arraunketa Elkartean, ordea, nik behintzat ikusten dut badagoela horren aurrean iniziatiba zuzendaritzaren eta Ikerren nahiz beste entrenatzaileen aldetik.
Bukatu duzue denboraldia. Hilabeteetan dena ematen ibili eta gero, orain, bat-batean, ezingo zara braust, gelditu, ala? Gorputzak zer behar du orain?
Denetarik ikusten da, batzuek erabat gelditu beharra izaten dute, eta beste batzuek, pixka bat bada ere, kirola egiten jarraitzen dute. Ni bigarren horietakoa naiz. Dena dela, garrantzitsuena da buruak deskantsatzea, batez ere amaiera aldea emozio askokoa izaten baita, Kontxarekin etab.
Denboraldi borobila eginda, zeu nola zaude orain: pozik, lasai, egindakoarekin beteta?...
Kontxa pasatu eta hurrengo astean, atzo arte, halako tristura sentsazio bat neukan, denboraldia bukatzear zelako. Ni beti hala izan naiz: denboraldia amaitu orduko berriz ere hurrengoaren zain egoten nintzen berriz martxan hasteko. Uda gozamena izan da, ez lehiaketa bakarrik, baita egunerokotasuna ere, taldekidetasun eta giro oso ona eduki dugulako. Gaur, berriz, oso-oso pozik nago. Lana oso ondo egin dugu, emaitzak hor daude, herria eta zaletuak oso-oso pozik utzi ditugu, eta atzoko harrerak asko bete ninduen. Ibon Arruti Aldape eta Ioritz Etxeberria taldekide ohiak guri omenaldia egiten ikustea polita izan zen, eta herritarrek ere harrera beroa egin ziguten. Bihotzez eskerrak eman nahi nizkieke guztiei: batetik bestera gu animatzen ibili direnei, igandeetako harreretara joan direnei... Orio arraunari hain lotuta badago herri zaletasunagatik da, eta guk udan horrenbeste bizipen baldin baditugu, beraiengatik da. Urte txarretan egoten denak onetan egotea merezi duelako, orain guk bezainbeste edo gehiago goza dezatela honetaz. Hau, gurea bezainbeste, beraiena da.