Iker Zabala: "Bandera hau ekartzea oso garrantzitsua zen, eta lortu dugu"

Onintza Lete Arrieta

Iker Zabala, aurtengo udan Arraunetxen. (Onintza Lete Arrieta)

Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen ontziko entrenatzailea pozik zen atzo taldeak lortutako garaipenarekin, baita herritarrek egindako ongi etorriarekin ere. Dagoeneko ligara begira da, helburu berriak baititu buruan. 

Hurrengo urtean aurtengoa txikitu egingo duzuela esan duzu udaletxeko balkoian mikrofonoa hartu duzunean. 

[Barrez] Jendea animatzeko esan dut, baita herriari keinu txiki bat egiteko ere. Askotan entzun dut esaldi hori klubean, eta esanguratsua da. 

Esanguratsua, eta barru-barrutik atera zaizuna. 

Bai. Guk honetarako entrenatzen dugu, eta halako lorpenak egiteko txikitu egin behar duzu entrenamendu guzti-guztietan; hemen hilabete askoko lana dago. Gaur [atzo] ere zazpi mutil utzi behar izan ditut trainerutik kanpo, gogorra da beraientzat nahiz niretzat, baina denon onerako egin dut. Bandera hau ekartzea oso garrantzitsua zen, eta lortu dugu. 

Taldea hain indartsua izan eta Kontxako aurreneko jardunaldian estropada gutxigatik irabazte horrek urduri zeuzkan zale asko, baina bigarren jardunaldian sekulakoa egin duzue.

Pasa den astean gure eta Donostiarraren artean hain tarte txikia egon izana ondo etorri zaigu hobeto entrenatzeko eta zentratuago egoteko. Emozioa egon da astean zehar, baina bigarren jardunaldian ez da halakorik izan, eta estropada oso borobila eginda, oso pozik nago. 

Hamarrekoa jarriko diozu estropadari?

Ez. Kirolean ez da hamarrik existitzen. 

Kontxa irabazteagatik herrian egindako harreran oso hunkituta egon zarete...

Jendea hunkituta dago eta normala da, urtea gogorra joan delako, nork bere bizitza daukalako eta hemen egoteko gauza asko utzi ditugulako albo batera.

Herriko Plaza herritarrez mukuru bete da. Poza emango du, ezta?

Guretzat poztasun handia da. Guretzako egiten dugu hau, baina noski, baita herriarentzat ere. Oriotarrentzat oso inportantea da trainerua, arrauna bera oso inportantea da, eta irabazita, denak pozik. 

Norbaiti eskaini nahi diozu garaipen hau?

Beti bezala etxekoei eta lagunei, eta bereziki herritarrei eskainiko nieke. Orio urte askoan egon da arrankatu ezinik, uste dut gurpila martxan jarri dela, baina oraindik kristoren lana dago egiteko, gazteenen kategorietan eta. Badago zeregina, eta honek, ziur aski, bultzada emango dio. 

Ligako txapeldunak zarete matematikoki, eta hurrengo asteburuan jokatuko dira azken bi estropadak. Helbururen bat izango duzu buruan...

Kontxa ospatu eta astelehenean atsedena izango dute arraunlariek, eta hurrengo helburu nagusia da larunbatean Bermeon beste estropada bat irabaztea. Horrekin, iazko errekorra hautsiko genuke, iaz hamasei bandera irabazi genituelako, eta larunbatean garaituz gero, hamazazpigarrena izango delako. Larunbatean Bermeon edo igandean Portugaleten ondu dezakegu marka. Ez da erraza izango, baina hurrengo helburua hori da. 

Bermeon berezia litzateke, gainera. 

Bai, nire etxea da, eta niretzat oso berezia litzateke han irabaztea Orioko traineruarekin. Horren bila joango gara. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide