Etxera itzuli orduko, itsasora bueltatzeko irrikaz

Onintza Lete Arrieta 2026ko uztailaren 24a

Astebete da zazpi oriotar eta aiar bat Danimarkan izan den Atlantic Challenge International ontzi tradizionalen lehiaketatik bueltatu direla, eta Eider Arruti euskaldunen ontziaren arduradun oriotarra oso pozik da esperientziak eman dienarekin. 

Danimarkako Roskilde herrian izan dira zazpi oriotar eta aiar bat Atlantic Challenge International ontzi tradizionalen lehiaketan parte hartzen –ikusi esteka honetan oriotarren adierazpenak lehiaketara joan aurretik–. Uztailaren 6tik 13ra izan da txapelketa, eta etxeratu zirenetik astebete igarota, esperientzia horren balorazioa eskaini du taldearen arduradun Eider Arruti oriotarrak. 

Arruti proiektu berarekin Maine-n (AEB) izan zen orain bi urte, baina orduan marinel aritu zen. Orain, berriz, arduradun, "horrek dakartzan buruhauste eta ardura guztiekin", baina "oso pozik" da, "polita delako ikustea sekula itsasoarekin harremanik izan ez duen jendea proiektuan murgilduta". Taldekide batzuk arraunlariak diren arren, Arrutirentzat "oso desberdina" da naturarekin harremantzeko modua proiektu honetan: "Natura irakurtzen ikasten dute, haizea irakurtzen, bestelako konexio mota bat sortzen da". 

Ikaskuntza prozesua, "oso esponentziala"

Lehiaketako partaide euskaldunen irakaskuntza prozesua "oso esponentziala" izan dela uste du oriotarrak: "Hasi ginen bela bat zer zen jakin gabe, eta amaitu dugu espioitza industriala egiten, beste taldeen ezaugarriak ikuskatzen eta alderatzen, eta azken batean, ulertzen nola funtzionatzen duen ontziak eta gure bela sistemak, eta hobetzeko ideiak eman nahian". 

Arlo teknikoa menperatzeari ez ezik, nazioarteko txapelketan garrantzia ematen diete kulturartekotasunari eta partaideek beren artean sortzen dituzten harremanei ere. Zentzu horretan ere gustura da Arruti. Azaldu du talde isila eta lotsatia, zintzoa aurkitu duela, eta oso kirolari saiatuak direla, eta Danimarkara iritsitakoan ere hasieran horrela portatu zirela. Han bertan, ordea, "pixkanaka-pixkanaka loratzen" ikusi dituela azpimarratu du.

Txapelketan probetako batzuk taldeak nahastuta egiten dituzte, eta aurten, ontzi bat eraiki behar izan dute zazpi herrialdeetako kideak nahastuta. "Egoerak behartzen ditu beste kultura batzuetako gazteekin elkarlanera eta elkar ezagutzera. Horren bitartez eta gaueroko ospakizunen bitartez, non gauero talde bat arduratzen zen entretenimendua eskaintzeaz, asko joan dira harremanduz eta beste kulturetako jendea lagun egiten, eta azken egunean batekin eta bestearekin argazkiak egiten, sare sozialak partekatzen eta kamisetak trukatzen ikusi genituen". 

Belaunaldi berria 

Bizitako esperientziari buruzko titular bat eskatuta, Arrutik belaunaldi berri baten etorrera dela nabarmendu du. "Oraintxe bertan bada belaunaldi berri bat gure itsas tradizioko kontzientzia, interesa eta jarrera aktibo bat dituena. Euskal Herrira itzuli orduko hasi ziren galdezka ea noiz bueltatuko ginen itsasora. Entrenatu nahi dute, nabigatu nahi dute. Badute gose edo grina itsasoa bizitzen jarraitzeko eta ontzi hau gehiago ezagutzeko eta bertan trebatzen jarraitzeko. Garaipen handiena hori da". 

Lehiaketa amaitu da, baina ez proiektua. "Jarraipena eman nahi diogu; hori da, gainera, helburuetako bat. Jende gazte berria erakartzea mundu honetara, belaunaldi berriak ez badira sartzen honelako [Albaola bezalako] proiektuak hil egiten direlako". 

Arrutik jakinarazi du, gainera, Danimarkan ziren bitartean jende askok idatzi ziela proiektuarekiko interesa erakutsiz. 

Oriotarrarentzat polita litzateke hemendik bi urtera ere txapelketara lehiatzera joatea Euskal Herriko talde bat, eta bitartean, nahiko luke gazte horiekin astero ateratzea nabigatzera eta trebatzera. 

(Argazkiak: Albaola eta utzitakoak)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide