Albistegia

Zazpi oriotar eta aiar bat lehiatuko dira Danimarkan Atlantic Challenge International txapelketan

Onintza Lete Arrieta eta Urtzi Oteiza 2026ko uztailaren 1a

Nabigazio tradizionaleko nazioarteko topaketa garrantzitsuenetakoa hasiko da astelehenean Danimarkan, eta Euskal Herriak, azken hamar urtean aurreneko aldiz, ontzi eta tripulazio propioa izango ditu txapelketan. 

Teorian ikastera, ondo pasatzera eta euskal itsas ondarea balioan jartzera doaz Atlantic Challenge International lehiaketako parte hartzaileak Danimarkara, baina tripulazioko kideek, bai behintzat oriotarrek, beste helburu bat ere badute: irabaztea. Grina horrekin azaldu ziren atzo egitasmoaren aurkezpenean Pasaian (Gipuzkoa), Albaolaren egoitzan. Gazteak dira oso, 15 eta 25 urte artean dituzte, eta nabigazio tradizionaleko nazioarteko topaketa garrantzitsuenetakoan parte hartuko dute yola ontzi tradizionalarekin. Ostiralean abiatu –hegazkinez–, eta astelehenean bertan hasiko dira lehian.

Hamazazpi kide joango dira, hamabost arraunlari eta bi entrenatzaile; Eider Arruti Albaolako langile oriotarra da entrenatzaileetako bat, eta tripulazioan, hamabostetik sei oriotarrak dira, eta aiar bat ere badago tartean: Ane Arruti da aiarra; oriotarrak, berriz, Irati Bozzo, Hanna Esnal, Shua eta Ekhi Osa eta Mikel eta Alex Barranco dira. Atlantic Challenge Basque Team taldea ordezkatuko dute uztailaren 6tik 13ra Roskilde hirian ospatuko den lehiaketan. Aurkariak Kanada, Danimarka, Frantzia, Britainia Handia, Irlanda, Italia eta Amerikako Estatu Batuak izango dira, eta Eider Arrutik uste du badituztela irabazteko aukerak, aurreko edizioko irabazlea faltako baita, Belgika.

Aurtengoa, berezia

Bi urtetik behin ospatzen da Atlantic Challenge International lehiaketa. Aurrekoa Maine-n (AEB) egin zuten, eta Eider Arrutik lehiatzeko aukera izan zuen, hainbat herrialdetako kideek osatutako nazioarteko taldean. Aurten, berriz, Euskal Herriak talde propioa izango du, eta "itzulera sinbolikoa" izango da. Izan ere, "aurtengo topaketa duela hamar urte euskal tripulazio batek lehen aldiz parte hartu zuen hiri berean egingo da". Eider Arrutirentzat, "oso esperientzia polita" izan zen orain bi urtekoa. "Ontzi hau ezagutzeko balio izan zigun, baita beste herrialde batzuetako gazteak ezagutu eta haiekin elkarbizikidetza egiteko ere hogei egunez". Esperientzia hura kontuan hartuta, Arrutik eta Albaolak "argi ikusi" zuten garaia zela berriz ere Basque Team aktibatu eta proiektua Euskal Herrian martxan jartzeko.

Eider Arruti eta Ane Miren Miralles dira gazte taldearen arduradunak –Miralles ere Albaolako kidea da–, eta Arrutik kontatu du zergatik dagoen hainbeste oriotar tripulazioan. Iaz arrauneko entrenatzaile jardun zuen Orion gaztetxoekin, eta herrian Mutiozabal Txoren proiektua ere martxan dute. Arrauna eta itsas ondarea parez pare ezagutzeko aukera izan dute Orioko hainbat gaztek, eta perfil hori egokia iruditu zaie abentura honetarako, "hainbat balio jada lantzen hasiak" daudelako. "Talde lanerako grina, elkarrekiko errespetua eta ontzia eta materiala zaintzeko eta babesteko kontzientzia" aipatu ditu. "Badakite, ondo pasatzeaz gain, misioan ere bagoazela, gure itsas ondarea babestera eta gure garai bateko euskal itsastar nortasun hori babestera".

Oriotarrak eta aiarrak grinatsu

Ontzi tradizionalen txapelketak askotariko probak ditu, hamabi guztira, eta batzuk errepikatu ere egingo dituzte. Goiz eta arratsalde lehiatuko dira, eta hainbat ezagutza dituztela erakutsi beharko dute gazteek: bela erabiltzen jakitea, nabigatzen jakitea aparatu teknologikoak erabili gabe, talde lana egitea, pertsona bat uretara eroriko balitz hura erreskatatzeko maniobra egiten jakitea, korapiloak egiten jakitea eta lema gabeko ontziarekin ibilbide bat osatzea, besteak beste. Eraikuntzarekin lotutako probaren bat egokitu daitekeela ere azaldu dute."Taldeak erakutsi behar du ontzia menperatzen duela, ontzi hori bere egiten duela, eta ontzia babesteko gai dela", nabarmendu du Arrutik.

Probarik berezienetakoan, berriz, tripulazioko kideak nahastu egiten dituzte, eta hainbat herritaldetako gazteek elkarrekin egin beharko dute lan, ontzi berean. "Izan ere, txapelketak bi helburu nagusi ditu: itsas ondare tradizionala babestea eta sustatzea batetik, eta kulturartekotasuna sustatzea, bestetik. Eta bigarren hori lantzeko egiten da proba hau", azaldu du Albaolako kideak.

Oriotar gazteek ez dute lehiatu oraindik, baina entrenamenduei dagokienez, korapiloak egiten ikastea izan da zailena haientzat, zalantzarik gabe. Arraunean ibiliak dira guztiak, batzuek utzia duten arren –adinez zaharragoa den Ane Arruti, esaterako, Euskotren ligan ibilia da–, eta azaldu dute errazena arraun egitea iruditze zaiela. Hilabetez aritu dira entrenatzen eta ikasten, esaterako, bela erabiltzen ere jakin behar delako. Orokorrean, "nahikoa ondo" moldatu direla uste dute.

Lehiatzeko gonbita jaso zutenean, "aukera polita" iruditu zitzaien, eta "aurrera" egitea erabaki zuten. Orain, astelehena iristeko grinatsu daude. Esperientzia berriarekin ondo pasatzea eta asko ikastea espero dute gazteek, baina, batez ere, txapelketa irabaztera doaz. Entrenatzaileek, berriz, aurtengoak sortutako uberak jarraipena izatea nahiko lukete, beste ezeren gainetik.

XVIII. mendeko ontziekin lehian

Talde guztiek ontzi mota berean lehiatuko dute: bantry yola izenekoan. XVIII. mendeko jatorri frantseseko ontzia da, hamabi metro luzekoa. Parte hartzen duen erakunde bakoitzak bere ontzia eraiki behar izan du –Lafayette ontziarekin ibiliko dira euskal ordezkariak– eta belaz nahiz arraun bidez ontzia gobernatzeko gai den tropulazioa prestatu behar izan du. Hori mistoa izango da, derrigorrez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide