Itziar Olasagasti: "Beldur asko izan ditut: adibidez, ea maila emango nuen..."

Jone Bastida Alzuru ('Berria') 2026ko uztailaren 17a

Itziar Olasagasti. (Arnaitz Rubio Aprea)

Ibilbide oparoa osatuta, 2020an arrauna utzi zuen Olasagastik, atseden hartu behar zuela eta. Baina ez betiko: berriz gogoa piztu, eta itzuli egin da. Gustura ari da.

Herri arraunzalea da Orio, lehen begiratuan antzematen da: bandera horiak daude balkoi ugaritan zintzilik. Eta, herrikoa izanik, arraunari estu lotuta egon da beti Itziar Olasagasti (Orio, Gipuzkoa, 1989). Aitzindaria eta erreferentziazkoa izan da arraunean. 2020an utzi zuen jardun hori, liga eta Kontxa bigarrenez irabazi ostean, eta, bost denboraldi geroago, itzuli da trainerura. Sinplea bezain argia da motiboa: gustuko du.

Zer moduz itzulera?

Utzi nuenean, argi nuen atseden hartu behar nuela, baina ez nekien betirako izango zen edo bueltatuko nintzen. Iaz gogoa sartu zitzaidan, eta, ikusita urrian zer mugimendu izan ziren, zera esan nuen: pausoa emateko garaia da, benetan nahi baitut arraun egin. Baina beldur asko ere izan ditut. Adibidez, ea maila emango nuen... Estropadak aurrera joan ahala, konfiantza hartuz noa. Taldeak ere asko laguntzen du horretan.

Kostatu zaizu martxa hartzea?

Gainontzeko taldekideak baino sei aste lehenago hasi ginen lau lagun. Pixkanaka aritu gara, baina abenduan giharretako min dezente izan nuen. Eta ez abdominaletan, jende guztiak uste duen bezala, baizik izterrean, gluteoan... Hala ere, neguan gozatu egin dut. Aukera izan dut lasai entrenatzeko, eta geroz eta sasoi hobean nago. 2020an nengoen bezala ez, baina asko gerturatu naiz. Sentipenak desberdinak dira. Dena aldatu da, taldea berria da... Orduan, egokitu egin behar. Nik eta talde osoak. Iaztik zortzik bakarrik segitzen dute, eta hamabi berri gaude. Horietatik zortzi ez dira inoiz Euskotren ligan aritu, eta beste laukote horretako hiruk ez dugu arraun egin azken denboraldietan... Egokitze horretan, taldeko beste bat izan naiz.

Aipatu bezala, aldaketa asko izan dira. Taldeari laguntzeko asmoz ere erabaki duzu bueltatzea?

Bai eta ez. Nahi nuelako bueltatu naiz, eta ikusi dut nire erabakiaren harira askok eman dutela baiezkoa. Baina neure buruari presio hori kendu nahi izan diot. Bost urte daramatzat lehiatu gabe, liga asko aldatu da, asko eboluzionatu du... Inguruan sumatu dut batzuek zera pentsatzen zutela: «zer behar du 37 urterekin berriro arraunean hasteko?». Buelta asko eman dizkiot, eta erantzuna da gustatu egiten zaidala. Bost urte geldirik egon eta gero, hamalaukoan sartzeko gaitasuna dut, aukerak ditut, eta hor nago.

Irakurri elkarrizketa osorik Berria.eus atarian. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide